Dagoeneko dasta daiteke aurtengo sagardo berria Euskal Herriko sagardotegietan. Denboraldiari hasiera emateko, urtarrilaren 16an Sagardo Berriaren Eguna egin zuten Astigarragako Alorrenea sagardotegian, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurraldea partzuergoak antolatuta. ETS (En Tol Sarmiento) taldeko Iñigo Etxezarretak abiatu zuen txotx bolada, “gure sagardo berria!” oihukatuz. Ekitaldian jakinarazitako datuen arabera, aurten izango da zer dastatu: 2023ko sagar uztarekin 12 milioi litro sagardo inguru ekoitzi dira Euskal Herrian. Euskal Sagardoa jatorri izenarekin, 4.000.000 litro egin dituzte Euskal Herriko 50 sagardotegik: Gipuzkoako 45ek, Bizkaiko 3k eta Arabako 2k. Nolakoa izango da aurtengo sagardoa? Aurkezpenean azaldu zutenez, “oro har, iazkoarekin alderatuta, alkohol graduazio eta gorputz txikiagoak dituzte sagardoek, eta oso lurrintsuak dira”. Halere, onena norberak probatzea izango da, ezta?