Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak (Euskal Konfederazioa bertako kide da) lan handia egin du legea onartzearen alde. Argazkian, Parisko manifestaldia, 2019ko azaroaren 30ean.

Molac legea onartzea “historikotzat” jo zuen Euskal Konfederazioak (Ipar Euskal Herrian euskararen alde aritzen diren elkarte eta federazioen bilgunea) joan den apirilaren 8an, estatu frantseseko hizkuntza gutxituen aldeko gainerako eragileek bezala. Historikoa, aurrerapen handia delako, bereziki,irakaskuntzaren arloan; eta 1951tik, lehen aldiz onartu delako Frantziako Asanblean lurralde hizkuntzen gaineko lege bat. Hari esker, beste gauza batzuen artean, murgiltze eredua esperimentaziotik irakaskuntza arruntera eraman ahal izango da, eta eskola publiko guztiek euskarazko irakaskuntza eskaini beharko dute. Era berean, herri bakoitzak diruz lagundu beharko dio ondoko herriko eskolara joan behar duen haurrari, bere herrian aukerarik ez badu. Berri “pozgarriak”, ordea, ez du gehiegi iraun: apirilaren 22an, azken egunera arte zain egonda, 60 diputatuk, gehien-gehienak Emmanuel Macronen LaREM alderdikoak, helegitea jarri dute lege onartu berriaren aurka. Orain, hilabeteko epea du Kontseilu Konstituzionalak iritzia emateko. Kasu!