Joan den urtarrilaren 10ean, ehun urte bete ziren Eduardo Txillida (Donostia, 1924-2002) munduratu zela. Horregatik, artistaren jaiotzaren 100. urteurrena ospatuko da aurten, urte osoan antolatuko diren kultur ekitaldien bidez. Horietako bat, ekainaren 21ean, udako solstizioaren edizio berezia izango da, Txillida Lekun: Hernaniko Udalarekin eta inguruko kultur eta gizarte eragileekin elkarlanean, Jon Mayak zuzenduko du Txillidaren obratik eta haren pentsamendutik abiatutako sormen lana. Udazkenean, berriz, Arantxa Agirreren Ciento volando dokumentala eskainiko da. Bestalde, Musikenek, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, bi ibilbide eskultoriko-musikal diseinatu ditu mendeurrena ospatzeko: lehenengoa, maiatzean, Txillida Lekun; bigarrena, Donostian. Eta, urtea amaitzeko, eskultorearen omenezko obra bat estreinatuko da abenduan, Musikene Sinfoniettaren eskutik.