Euskal Selekzioak irabazi du Basque Country International Women's Cup txapelketaren lehen edizioa. Pasa den hilean jokatu zuen hiruko torneoa, Zubietako estadioan, Argentinako eta Venezuelako selekzioen aurka. Nigeriakoa ere parte hartzekoa zen, baina ezin izan zen etorri burokrazia arazoengatik. Ondorioz, hiru selekzioek 45 minutuko bina partida jokatu zituzten. Lehenengoan, euskaldunek 1-0 irabazi zieten argentinarrei, Yulema Corresen gol bati esker; eta Venezuelaren aurka berdindu egin zuten (0-0). Argentinak Venezuelari 1-0 irabazi zionez, Iñigo Juaristik eta Aintzane Encinasek zuzentzen duten Euskal Selekzioa izan zen lehiaketaren garailea. Lau urte zeraman emakumezkoen taldeak partidarik jokatu gabe, hain zuzen ere 2017ko azaroan Ipuruan Txekiar Errepublikaren aurka jokatu eta 2-1 irabazi zuenetik.