Apirilaren 12tik maiatzaren 12ra egingo da Laburbira film laburren zirkuitua. Euskaltzaleen Topaguneak antolatua, euskal zinemagintza hauspotzea eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea du helburu. Horretarako, film laburren emanaldiak antolatzen ditu hainbat herritan, eta ikusi ostean egileekin solasaldiak egiteko aukera ere izaten da. Aurten, zortzi film labur ikusi ahal izango dira: Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Katalinaren zoria (Guillermo Ordás), Erro (Amaia Lejarreta), Babesa (Ander Iruretagoyena), Mundu berri bat (Mikel Alvarez), Zirrara (Ane Cuesta), Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta Betizu buru (Ander Iriarte). Ikusleek film labur onena hautatzeko parada ere izango dute. Durangoko Zugaza zinema aretoan egingo den aurrestreinaldiak emango dio hasiera, apirilaren 11n, aurtengo zirkuituari. Geroko emanaldien egitarau zehatza Topagunearen webgunean (topagunea.eus) ikus daiteke.

486ganbila

Ganbila antzerkiaren datu-basea, osatuago

Hiru atal berri gehituta, euskarazko antzerkigintzaren datu baserik zabalena bihurtu da Ganbila ataria (ganbila.eus). Susa argitaletxeak eta EHAZE antzerkizaleen elkarteak sortutako proiektua da. 2019an, euskarazko antzerki obrak argitaratzeko liburu bilduma gisa jaio zen. 2022an, ganbila.eus sortu zuten, euskarazko antzerkiari buruzko dokumentaziorik ahalik eta osoena biltzeko asmoz. Orain, antzerkigileei, konpainiei eta estreinaldiei eskainitako atal bana gehituta, datu basea gehiago osatu dute. Estreinaldiak atalean, euskaraz estreinatutako antzezlanen zerrenda topa daiteke. Egileak atala euskarazko antzezlanen egileen bilatzailea da. Haien lanen zerrendaz gain, lanon gainean argitaratu diren elkarrizketa, kritika, erreportaje eta kronikak erakusten ditu. Konpainiak atala euskarazko taldeen direktorioa da, eta haien lanen zerrenda ez ezik, haiei buruz argitaratutako artikuluen loturak ere badakartza.

486so

Arg: Tabakalera.

XABIER PAYA RUIZEN Autopsiak, Iñaki Cid Larrearen Errautsak, eta Garazi Urkolaren eta Hodei Arrastoaren Enkantea. Horiek dira Donostiako Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak eta EITBk Audiogile Berriak deialdian hautatu dituzten proiektuak. Euskarazko fikzioa sustatzeko xedez sortu dute Audiogile Berriak eta, lehen fasean, egile hautatuek laguntza eta prestakuntza jasoko dituzte. Horretarako, maiatzera bitartean, Tabakaleran izango dira, eta 2.000 euroko laguntza ere jasoko dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko. Ondoren, epaimahai batek hiru proiektuetako bat aukeratu, eta ekoitzi egingo dute, EITBren laguntzarekin.

486meme

MEMEKA gazteentzako euskarazko meme lehiaketa abiatu dute Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak, memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. 15 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete, memeka.eus plataforma erabiliz. Bertan dauden oinarrizko irudiak erabili beharko dituzte gai librean nahi dituzten testuak txertatzeko, betiere euskaraz. Sorkuntzak apirilaren 21era arte aurkeztu ahal izango dituzte, eta bi sari banatuko dira. Maiatzaren 3an iragarriko dituzte irabazleak.

486euspot

12 URTEKO UMEAK sakelako telefonoa eskatu die gurasoei. Zer egin? Galdera horri erantzun beharko diote 2024ko Euspot euskarazko iragarkien lehiaketan parte hartuko duten lanek. Hots, eskuko telefonoak eta adingabeak gaitzat hartuta, gehienez 30 segundoko ikus-entzunezko iragarkia sortu beharko dute, oro har gizarteari eta bereziki adin txikiko haurren guraso eta hezitzaileei zuzendua. Lanak maiatzaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira. Oinarri zehatzak, euspot.eus webgunean.

486juaneteak

MIKEL LABOAREN zenbait hitz oinarri hartuta, hitzak eta musika nahasten dituen ikuskizuna aurkeztu berri du Patxo Telleriak: Ai, gure juaneteak! Laboaren hitzen berrinterpretazioa egiten du Telleriak taula gainean, Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikariak lagun dituela. Testua Telleriak berak idatzi du. Bilboko Loraldia jaialdian egin zuen estreinaldia, martxoaren 15ean, eta aurrerantzean hainbat lekutan ikusi ahal izango da: apirilaren 27an, Baigorrin; ekainaren 22an, Azkainen...

486ingura

EUSKO JAURLARITZAK euskara ikasteko plataforma digital bat sortu du: Ingura (inguraonline.eus). HABEk landua, A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko ditu era progresiboan. Une honetan, A1 maila bakarrik eskaintzen du. Edozein gailutatik ikasteko aukera emango du, eta ia doakoa izango da. Esaterako, orain A1 maila lantzeko atal irekia jarriko dute martxan, baina ez da ikastaro osoa izango. Horretarako, euskaltegi edo autoikaskuntza zentro batean matrikulatu behar da.