Onintza Enbeita

Eguzkiak aurpegia laztandu digunerako, ahaztu zaizkigu ikasturte honetan izan ditugun gorabeherak. Orain, uda garaia da. Gozatu egin behar dugu, erlaxatu, oporrak hartu, bidaiatu eta, ahal badugu, irakurri. Irailak antsietatea ekarriko digu berriro. Izan ere, ahaztu nahi ditugun arazo horiek guztiak itzuli egingo zaizkigu: lanera itzultzen garenean, urte osoa izorratu digun lankidea han egongo da; nagusia lehen baino haserreago itzul daiteke oporretatik; umeak urtebete baino ez dira zahartu iaztik eta oraindik ez dira hain autonomoak; familiak hortxe jarraitzen du bere hutsune eta gauza onekin… Gabonetarako, udako oporren esperoan egongo gara berriro ere. Badirudi ez dugula ikasten: neguan ikusten ditugun arazoak neguan bertan konpondu behar dira. Udan arnasa hartzeak bizitza apur bat luzatzen digu, baina ez du ezer konpontzen.
Etxera heldu, oinetakoak kendu, eta egun bat gehiago bizirik iraun dudala pentsatzen dudan egunetan, lo egitea besterik ez dut izaten buruan, baina ordenagailua zuhaitz eder baten itzalpera ekarri dudan honetan, sistemaren arduraz ohartzen naiz. Sistema kapitalista honek beharrezkoak ez diren beharrak eragiten dizkigu, eta haiek ase beharrak, buruko min handiak. Bestalde, sistemaren erritmo berean ekoitzi behar baduzu, tarteka erritmoa eskuetan lehertuko zaizu. Sormena bizibide baduzu ere, berdin dio. Askotan, erritmo jasangaitzean bizitzera kondenatzen zaituzte publikoak edo hipotekak edo zeure buruari balio duzula frogatu beharrak edo, ezetz esaten baduzu, galduko duzunaren beldurrak edo lan gutxiago duzunerako dirua aurreztu beharrak edo beti gauza bera egiten ari zarela ezin sinesteak.
Bai, udak erritmoa moteltzen irakasten digu urtero. Neguan, ordea, ez genuke abiadura azkartu beharko. Bizitza ideala izateko zer behar dudan galdetuko balidate, egun ez nuke dirurik eta paradisurik eskatuko. Daukadan diruarekin geldituko nintzateke, nagoen lekuan; hori bai, nire denboraren kudeaketan neuk bakarrik eragitea eskatuko nuke. Hori, eta gorputzaldi txarra uzten didaten pertsonak aldamenetik uxatzeko ausardia.