Aiora Mujika Probatxoa
Youtuber-a

Probatxoa ezizenarekin, Interneten euskarazko edukiak sortzen ditu Mujikak (Anoeta, 1987). Askotariko gaiak jorratzen ditu 2017an YouTuben zabaldu zuen kanalean. Beste sare sozial askotan ere badabil, baina Twitter du bere “ekosistema”. 2009an @probatxoa kontua ireki zuenean sortu zuen ezizena, greba orokor bat Twitter bidez jarraitzeko proba moduan sortu baitzuen. Komunikazio ikasketak egina, egun, euskarazko Wikipediako hezkuntza proiektu batean dabil. Eñaut Mitxelena.

Probatxoa ezizenarekin hasi zinen. Dagoeneko Aiora Finkatua beharko zenuke, ezta?
Ez, kar, kar! Twitterreko kontua proba moduan sortu nuen, ez nuen uste bertan geratuko nintzenik... Baina hainbeste gustatu zitzaidanez, profilari eutsi nion, eta iritsi zen une bat non jendeak Probatxoa bezala ezagutzen ninduen. Hortaz, izena gelditu egin zen, pixka bat nirea bezala sentitzen nuen. Ez zait pulamentuzko izena iruditzen, baina aldi berean balio dit “Tira, probatzen ari naiz!” esateko aitzakia moduan. Halako babes bat ematen dit.
Youtuber euskaldun gutxi zeudelako hasi zinen. Egun, panorama hobea al da?
Ez dakit. YouTuben, antzekoa; ez da jenderik animatu formatu horretan. Izan dira esperientzia txiki batzuk, baina gutxi. Jarraitutasunez... nik espero nuen edo niri gustatuko litzaidakeen bezalako askorik ez dago. Halere, zertxobait konpentsatzeko edo, balantzaren beste aldean Twitch dago, zuzenekoak egiteko erabiltzen den sarea. Hor bai ari da pixkanaka zuzenekoak euskaraz egiten dituen jendearen komunitate txikia sortzen. Horrek, behin-tzat, poza ematen dit. Baina, ni YouTubekoa naiz, kar, kar!
Zergatik duzu Twitter gogokoen?
Hasteko, Twitterren badago euskal komunitate argia, eta ez bakarra. Twitchen, adibidez, badago euskal komunitatea, eta hortxe dabil mundu guztia. Eta batzuetan, hain gutxi garenez, hori izatea dugu helburu, kito. Twitterren, aldiz, euskal munduak daude; badaude bizitza diferenteak, agenda diferenteak eta elkarrizketa diferenteak, eta hori zoragarria da. Horrexegatik gustatzen zait asko Twitter, eta urte mordoa daramadalako bertan. Horrez gain, informatzeko eta oso baliagarria da, gauzak konpartitzeko azkartasuna... Niri oso-oso baliagarria egiten zait. Baita iritzi desberdinak bilatzeko ere. Instagram gehiago da erakusleiho bat, baina Twitterren plazan zaude.
Errealitate paraleloak sor ditzakete sare sozialek?
Nik uste baietz. Are gehiago, unibertso pertsonal propioak sortzen dira. Hori horrela dela jakitea inportantea da: zure Twitterra ez dela errealitatea, baizik eta zuk sare sozial horretan aukeratu duzun errealitatea. Ez da errealitatearen erakusgarria. Erakusgarria izatea nahi baldin baduzu, adierazgarria izan dadin landu beharko duzu. Egun bat Twitterren etengabe sartuta ematen baduzu, eta gai bat hainbat aldiz ikusten baduzu, mundua horri buruz ari dela uste duzu. Eta ez. Horrek ez du zertan txarra izan. Ez da engainua. Inportantea da horretaz kontziente izatea eta horren arabera kudeatzea. Baina ez bazara kontziente, eta algoritmoak eta horrelako kontuak sartzen baldin badira tartean, arriskutsua ere izan daiteke. Hortaz, sare sozialen erabileran hezi beharra dugula uste dut, eta ikasi gauza horiek guztiak hor daudela, baita iragazkiak jartzen ere.
Zuk Andorrara bizitzera joateko asmorik bai?
Ez, kar, kar! Ez badut aurkitzen maitasun arraroren bat, bat-batean andorratarren bat Euskal Herrian galduta topatzen dudala edo... ez!
Etekin ekonomikoa ateratzea ez duzu kezka izango.
Ez. Gainera, egiten duzun gauza bakoitza etekin ekonomikoa lortzearekin lotu beharra ez zait gustatzen. Gauzak egitearen plazeragatik egin daitezke, edo ekarpena egitearen plazeragatik. Nik hau egiten dut jende gehiagok egitea gustatuko litzaidakeelako. Euskaldunok euskaraz sortzea nahi dut. Ezin dut pelikula bat edo telesail bat nire kabuz egin, baina YouTubeko bideoak bai. Hortaz, zergatik lotu behar dut dirua irabaztearekin? Ez. Nahi dudalako egiten dut, kito. Dena den, etekina helburu izanda ere, oso konplikatua da hortik dirua ateratzea.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Adibidez, euskara ikasten ari den norbaiten komentarioa jasotzeak,  nire bideoak lagungarriak zaizkiola esanez.
Eta tristatu? Neure buruak. Sabotaje dezente egiten diot neure buruari.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore absurdoa asko gustatzen zait.
Eta negarra? Oso negar errazekoa naiz.
Zerk haserrearazten zaitu? Gauza dezentek, nire bideoetan ikus daitekeen bezala.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Norbait zerbait esaten hasi eta gero isilik geratzea, oso gaizki kudeatzen nuen hori. Hobetzen ikasten ari naiz.
Bizio bat? Albisteak egiaztatzea.
Plazer txiki bat? Txokolatezko zerbait jan osteko ur tragoa.
Eta sekulako plazer bat? Espero ez dudan lagun batek bat-batean idaztea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Ez dakit izan nahi nuen ala ez, baina andereño izatera jolasten nintzen.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Esplotatua.
Sare sozial bat? Twitter.
Youtuber bat? Ni neu, kar, kar! Pozik nago egiten dudanarekin!
Txiolari bat? @euwikipedia, @3000Twitz eta @EEncodings.
Pantailarik gabeko egunean... Kalean, jendartean. Ez daukat hainbesteko mendekotasunik!