Gasteizko kultura alternatiboa begiratu batean

gasteiz

Gasteizko kultura alternatiboaren story mapa osatu du Iñaki Landa kazetariak:  "Hamaika mapa daude: jatetxe onenenak, gozotegienak, bizikletan ibiltzeko mapak…, baina ez zegoen Gasteizen kulturaren alorrean gauzak egiten dituztenen maparik". Teknologiek eskaintzen dituzten tresnak erabilita abiatu du Landak egitasmoa, eta XXI. mendeko kontakizuna egiten duen kulturaren mapa sortu du, testu, argazki, bideo eta soinuekin lagunduta. Estitxu Ugalde.

Bizitasun handia dago Gasteizen kulturaren alorrean, eta halakoxea da, halaber, kazetariak eraturiko story mapa: "Egunero berritzen da mapa, egunero pizten direlako proiektu batzuk, eta beste batzuk itzaltzen". Gune asko daude, 80 inguru azken eguneratzearen arabera (mapa abelbideak.eu webgunean aurki daiteke). Kultura alternatiboaren mapak Zapateneoa, Zuloa, Monstrenka, Baratza, Hala Bedi, Luz Roja, Oihaneder Euskararen Etxea edota Sukubo eta El Cafetal guneak biltzen ditu. Era berean, Errekaleor auzoa ageri da, hala nola Auzolana pilotalekua, Gasteizko Gaztetxea eta Sumendi gune okupatuak. Tabernak eta jatetxeak ere barnebiltzen ditu mapak, "tabernak izan arren, haiek ematen diotelako benetako bizitza hiriari", guztia hiriari identitatea ematen dioten horma-irudiez eta grafitiez lagunduta.
Mapan txertatzeko esparruak aukeratzeko orduan, irizpidea izan da gauzak modu alternatiboan  egiten ari direnak islatzea, alegia, "instituzionalak ez direnak". Hartara, kultur ekimenak antolatu, sustatu eta laguntzen dituzten eremu alternatiboak daude jasota; horrez gain, lekua publikoa behar da izan, hau da, ordutegi bat izan behar du, edo herritarrei sarrera ahalbidetu behar die. Alta, eskuzabaltasunez eta malgutasunez jokatu dute, "kultura ez baita matematika".
Lana osatu ahala, sorpresa dezente izan dituztela aitortu du Landak: "Zeppelin tabernan antolatzen diren jam saioak, esate baterako, non hamar bat musikari elkartzen diren, ez genituen ezagutzen. Edota Luz Roja argazkilarien kolektiboa, egoitza Bueno Monreal kalean duena. New Kingston Jamaikaren eta Euskal Herriaren arteko fusio taberna, DJ emanaldiak antolatzen dituena. Horiek guztiak ustekabea izan dira guretzat".
Hasierako asmoa
Tabernako eztabaida batean hasi zen egitasmoa gorpuzten. "Kontzertuak, zuzeneko emanaldiak, arte erakusketak... nonahi egiten zirela ikusten nuen. Egitarau ez ofiziala bete-betea zegoela ikusi, eta horri forma ematea erabaki nuen". Orduan hasi zen, Gindi Auzmendirekin eta Mikel Buruagarekin batera, proiektua osatzeko lanean eta hausnarketetan, eta, gune guzti edo ia guztietara iristeko, proiektua halabeharrez auzolanean eraiki behar zutela erabaki zuten. Izan ere, auzolanik gabe, oso zaila zen denak ezagutzea. 
Gainera, lan komun hori zabaltzeko asmoz, story mapen inguruko ikastaroa antolatu zuen Landak Oihaneder Euskararen Etxean, otsailean, eta bertaratu zirenekin zerrendak osatu zituzten. "Ekarpen asko jaso genituen, eta, aldi berean, hiru jardunaldietan erakutsi genion jendeari nola egiten den story map bat, oso tresna interesgarria baita".
Dokumentala
Proiektua garatu ahala, egitasmoa Orainaldia: laissez faire bihurtu zen. Guneetako kideekin hitz egitean, konturatu ziren  Gasteizko sortzaileen istorioak kontatzeko daudela, eta fokua horretan jartzea deliberatu zuten: "Mapan agertzen diren pertsonen historia kontatu nahi dugu. Ohartu gara Gasteizko kulturaren baitan belaunaldien arteko salto bat izan dela, eta gazte sortzaile mordoa dagoela".
Aldi berean, Landak dio sortzaileen elkarguneak hirigunetik hiri ingurura mugitu direla, hots, azken urteotan areto asko zabaldu direla Gasteiz inguruko industrialdeetan eta auzoetan. "Eraztun berdearekin batera, beste kultur eraztun bat sortu da: Errekaleor bera, Hell Dorado erreferentziazko lokala, El Mal Camino… Horiek guztiak gure dokumentalean sartuko ditugu, balioa eman nahi diegulako".
Gindi Auzmendi dokumentalistak eta Mikel Buruagak bihurtu dute Orainaldian mapa dokumentala. Laissez faire liberalen gerra oihua zen, "utzi egiten" esan nahi du, eta haiek erabiltzen zuten ekonomiaren alorreko esku hartzeen kontra. "Guk ironiarekin jolastu nahi izan dugu. Bestelako adiera topatu nahi izan diogu, erakundeek sarritan kulturan egiten dituzten esku hartzeak (isunak, inposizioa eta debekua) definitzeko. Horregatik, laissez faire bai erakundeei, bai kultura alorreko botere faktikoei begira, hau gazteen sormenaren garaia delako, gure txanda dela aldarrikatzeko".
Horrexegatik kontatuko dituzte Gasteizko gazte sortzaileen istorioak eta historia, sormena sustatzeko. Besteak beste, ondokoekin egon izan dira: Lurburu kolektiboko kideak, Gasteiz Hardcore Crew kolektiboko kideak, Beñat Goitia musikaria, Eider Bernaola argazkilaria, Mikel Ktthulu editorea, Paul Urkijo zinemagilea, Irantzu Lekue artista, OjodeKuervo eta Frik1 grafitigileak eta Lady Polvora eta Santi Tabu performancer eta postpornogileak.
Aurrera begira, dokumentala prestatzeaz batera (urrian aurkeztuko dute), helburua da kultura alternatiboaren mapa telefonoetarako app bilakatzea. Kultur eragileen agenda bateratuaren aplikazioa izango da, doakoa erabiltzaileentzat.  Aldi berean, Landa kazetariak dagoeneko bi bisita gidatu egin ditu kultura alternatiboaren story mapan agertzen diren zenbait txoko ezagutarazteko, eta Gasteizen kultura alorrean mugitzen dena zabaltzeko.
Iñaki Landa, Mikel Buruaga eta Gindi Auzmendiren Orainaldian proiektua Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuaren sostenguarekin eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol sailaren laguntzarekin garatzen ari da, "Gazte Sortzaileak" egitasmoan saritua izan ostean.