Esku artean hartu bezain pronto ohartuko zineten: jantzi berria dakar soinean AIZU! aldizkariak. Berrogeigarren urteurrena beteko duen honetan, urtebetetzeari dotore heldu nahi izan diogu, aldizkariaren itxura goitik behera aldatuta. Urteurren biribilarekin, ezin gutxiago espero! Probaz proba, zirriborroz zirriborro, atalez atal, ikasturte berrirako prestatzen ibili gara azken hilabeteotan, eta esku artean duzue emaitza. Azalez berriztua eta itxuraz aldatua, bai, baina baita berritasun gehiagorekin ere. Hala, hainbat atal moldatu eta beste zenbait aldatu ditugu, irakurtzeko erakargarriagoa ez ezik, euskara ikasteko tresna are baliagarriagoa ere izan dadin. Gainera, webgune berrituarekin datorkigu AIZU!. Nolanahi ere, ez gaitezen luza: opariak jasotzen ditugunean, ez al gara izaten zabaltzeko irrikan? Bada, zuek ere egin gauza bera: hartu aldizkaria, ireki, ukitu, irakurri, erabili... jantzi berria, apaina izateaz gain, baliagarria dela egiaztatzeko.