29. Kaleka-k kale antzerkiz beteko du Lekeitio

lekeitio

Ohi baino beranduxeago izango da aurten Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia: uztailaren 19tik 22ra bitartean egingo dute 29. edizioa. Egitarau osoa uztailaren 10ean jakinaraziko dute, Markeliñe taldearen Chef Nature antzezlana eskainiko den egun berean. Guztira, Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko 22 konpainiak eta kolektibok hartuko dute parte Kalekaren hiru ataletan: Kaleka Ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Atalok, gainera, indartu egingo dituzte, herrian parte hartze prozesuetan eragite aldera. Esaterako, beste gune bat gehitu diote jaialdiari: Malekoi Txiringitoa, non zenbait ikuskizun eskainiko diren. Bi ikastaro ere izango dira: hilaren 22an, Rui Paixao clownak Omnium Estatua izeneko ikastaroa eskainiko du, eta Matias Zanottik Revestidos izenekoa, uztailaren 17tik 20ra. Informazio guztia www.kaleka.eus atarian eskura daiteke.


kalerkiUZTAILAREN 4tik 7ra egingo da Zarauzko Kalerki Kale Antzerki Jaialdia. Aurten 25 urte beteko dituenez, zenbait ekitaldi berezi izango ditu, ohiko egitarauaz gain. Esaterako, uztailaren 7an, aurtengo ediziorako propio sortutako A Lurpean eskainiko dute. Lewis Carrollen Alizia herrialde miresgarrian lanean oinarritua, Amancay Gaztañagak idatzi eta zuzendu du, eta Zarauzko hainbat aktorek jokatuko dute. Bestela ere, eskaintza zabala izango du Kalerkik: Pez Limboren Oxido: Umore garratza; Trapu Zaharraren Hetsiak; Shakti Olaizolaren Baldin bada; Anezka taldearen Revolución; Cia. Maduixaren Mulïer; Ganso y Cia.-ren Babo Royal; Barsanti Teatroaren Kale gorrian; Kukai&Brodas Bross-en Topa; Markeliñeren Chef Nature; Garazi&Cia.-ren Erraia eta La Dinamo eta Funky Bike Band-en Music on Cycles, besteak beste. Gainera, Shakti Olaizola bihurrikariak akrobazia tailerrak emango ditu hilaren 5ean, 6an eta 7an.

LABURREAN

VAIVEN konpainiak Erlauntza lana estreinatuko du Donostiako Victoria Eugeniako Club aretoan, uztailaren 18an. Mireia Gabilondok zuzendua, txikitako lagun talde bat du protagonista: haietako baten ezkontza aurreko festa ospatzeko asmoz, lagun taldeak asteburu pasa egingo du landetxe batean, eta espero baino eroagoa izango da. Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Naiara Arnedo, Getari Etxegarai eta Leire Ruizek jokatzen dituzte lagun taldeko kideen rolak. Uztailaren 18an ez ezik, 19an, 20an, 21ean eta 22an ere ikusi ahal izango da Donostian. Azaroan, berriz, Gasteizko Principal Antzokian eskainiko dute, eta, 2019ko urtarrilaren 15ean, Bilboko Arriagan.

txaloBIKOTE bizimodu aspergarriarekin amaitu nahian, gizona pozoitzea erabakiko du emazteak. Horixe du abiapuntu Txalo konpainiaren Zoaz pake santuan antzezlanak. Emmanuel Robert-Espalieuren lanean oinarrituta, Martin Agirrek itzuli du, eta Begoña Bilbaok zuzendu. Ane Gabarain eta Mikel Laskurain aktoreek beteko dituzte protagonisten rolak. Abuztuaren 16an aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean, eta 19ra arte egongo da ikusgai.