Euskaraz idatzitako testuen pasartetik ederrenak biltzeko, sormena sustatzeko eta literaturaren ezagutza zabaltzeko helburuarekin jaio da Deabruaren Eskola (deabruareneskola.eus). Irati Jimenez idazle eta kazetariak, Esteban Montorio diseinatzaileak eta Mikel Soto idazle eta editore ohiak sortua, mota askotariko idatzien atalak jasotzen ditu, hala euskaraz sortuak nola euskaratuak: poemak, elkarrizketak, kronikak, narrazioak... Oraingoz, 180 testu argitaratu dituzte, bakoitza irudi edo argazki batekin lagundua, eta jatorrizko iturria azalduta. Dena dela, astean birritan eduki gehiago igoko dituzte. Testuak etiketen bitartez bila daitezke, baina gaiaren arabera antolatutako atal bat ere badu: Aker Larrea. Bertan, bi hilabetean behin, lan monografikoak argitaratuko dituzte eskolakideek, “euskal literaturan nolabaiteko garrantzia izan duten gaien gainekoak”. Ekimena sarean abiatu den arren, zabaltzeko asmoa du. Hala, pandemiak aukera ematen duen neurrian, sormenarekin lotutako jarduerak antolatuko dituzte, Leizeko Eskola izenburupean. Azken horri buruzkoak unean-unean ezagutzeko, Deabruaren Eskolaren hilabeteroko buletinaren harpidetza egin daiteke.


453musikasten
EUSKARAZKO MUSIKA
 sustatzeko eta zabaltzeko asmoz, Tirabol Produccions enpresa katalanak Musikasten (www.musikasten.eus) ataria jarri du abian, euskarazko musikaren entziklopedia digital erraldoia izan dadin.   Zehazki, 1960tik gaur egunera arte euskaraz abestu duten musikari eta talde guztiei buruzko informazioa jasotzea du helburu. Oraingoz, 500 talde eta abeslari, 1.600 disko eta 12.500 abesti baino gehiago bildu eta zerrendatu dituzte. Gainera, kaleratzen diren disko eta abesti berriekin osatuko dute ataria. Disko, abesti, talde eta artisten gaineko informazioa ez ezik, aukera gehiago ere eskaintzen ditu Musikastenek. Esaterako, abestien hitzak kontsultatzea, audioak entzutea, bideoklipak ikustea eta musika erostea. Era berean, askotariko datuak bila daitezke bertan: musikarien ekoizpen osoa, sare sozialetan dituzten kontuak edota plataforma digitaletan duten presentzia. Euskal Herriko musikari eta taldeen jatorrizko herriak erakusten dituen mapa ere badu, eta kanturen bat euskaraz duten atzerriko taldeak ere agertzen dira hor.

LABURREAN

Mycroft.eus euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu adimenduna garatzeko proiektua jarri dute martxan Elhuyar Fundazioak eta Skura Mobile eta Talaios kooperatibek. Urtebete iraungo du egitasmoak, eta, izaera esperimentala duen arren, epe horretan euskarazko bozgorailu adimendun “guztiz funtzionala” izatea aurreikusten dute.

453eas
EUSKAL ADIERAZLEEN SISTEMAK
 webgunea (www.euskadi.eus/eas/) berritu du, biltzen dituen datuak errazago kontsultatu ahal izateko. Horretarako, ikus-entzunezko gida bat gehitu diote. Gainera, beste mota bateko edukiak ere jasotzen ditu: bideo tutorialak, euskarari buruzko azterketen gaineko albiste nabarmenak... Euskararen errealitatea zehatz-mehatz eta eguneratua eskaintzeko sortu zuten 2017an EAS, eta egun 44 adierazleri buruzko datuak biltzen ditu.

JAKIN aldizkariak, abenduan zenbaki monografikoa ateratzeaz gain, Joan Mari Torrealdai euskal kulturako erreferente eta eragile izandakoaren obra osoa sarean ipini du, iaz hil zela-eta, haren bizitza eta ekarpena gogora ekartzeko. Guztira, 592 idazlan daude edonoren eskura jakin.eus webguneko Euskal pentsamendua atalean.