Lubaki lainotsua lana estreinatu berri du Atx Teatroa konpainiak. Izenik gabeko gerra bateko lubaki batean, aspaldi gudurik izan ez arren bertan jarraitzen duen soldadu beterano eta diziplinatuak postari gazte baten bisita jasoko du, eta hark ekarritako gutunak hankaz gora jarriko dio bere mundua. Abiapuntu horretatik, belaunaldiarteko talka jorratuko du antzezlanak, baita zaharraren eta berriaren arteko komunikazioa ere. Atx-eko kideek garatu eta zuzendu dute lana, Ximun Fuchs-en “kanpo begirada” lagun. Soldadu beteranoa Javier Barandiaran aktoreak gorpuztu du, eta, harekin batera, Miriam K. Martxante eta Maren Basterretxea ari dira oholtza gainean. Urriaren 15ean eskaini zuten estreinako emanaldia, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketei hasiera eman ziena. Aurrerantzean ere leku askotan ikusi ahal izango da: azaroaren 18an Hernanin, 25ean eta 26an Donostian, eta abenduaren 11n Berrizen, adibidez.

Pirinioetako bailaretako Ainarak ezagutzeko webdok-a

1870. eta 1940. urteen artean, Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) Pirinioetako bailaretako milaka neska gaztek Maulera jo zuten, bertako espartin lantegietan lan egiteko. Pirinioak oinez zeharkatu, negua Maulen beharrean eman, eta udaberrian itzuli ohi ziren sorterrira. Ezkongabeak ziren bitartean jardun horretan ibiltzen ziren neskei “Ainara” esaten zitzaien. Ainaren eta Mauleko espartingintzaren historia jasotzeko eta zabaltzeko, Ainarak webdoka (ainarak.eus) sortu dute 601 Producciones, Aldudarrak Bideo eta Maluta Films ekoiztetxeek elkarlanean. Ritxi Lizartzak zuzendutako proiektuak ikus-entzunezko material sorta jaso eta edonoren eskura jarri du: bideoak, audioak, argazkiak, dokumentuak, testigantzak, lantegiei buruzko informazioa, Ainarek Mauletik bueltan ekarritako objektuak... Webdoka transmedia proiektu zabalago baten lehen urratsa izanik, orain sarean ipinitakoa proiektu zabalagoaren lehen urratsa da.

ARNASGUNEEN garrantzia jendarteratzeko asmoz, Arnasguneak izeneko antzerki sorkuntza beka sortu dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasa gara kanpainaren baitan, hots, arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmentzeko sorturiko kanpainaren barruan. Bekaren irabazleak 23.000 euro jasoko ditu, eta Azpeitiko Dinamoa sormen gunea baliatu ahal izango du antzezlana prestatzeko. Herri berean estreinatuko da lana, 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, eta beste hamar emanaldi ere ziurtatuta izango ditu. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da. Deialdiari buruzko xehetasunak uema.eus gunean daude eskuragarri.

EITBPodkast atarian (www.eitb.eus/eitbpodkast), euskarazko audioliburuak eskaintzen hasi da EITB, “euskarak zuen gabeziaz jabetuta”. Dagoeneko entzungai daude Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ipuin liburuko kontakizunak, eta Albert Sanchez Piñolek idatzi eta Lander eta Zigor Garrok euskaratutako Larrua hotz eleberria. Umeentzat, ostera, Lo potolo laneko gauerako ipuin laburrak paratu dituzte atarian, eta, aurki, Go!azen telesailean oinarritutako lau liburu ere jarriko dituzte entzungai, gazteek ere beren gustuko eskaintza izan dezaten.

BERTSOLARITZA eta jokoa batu dituzte, Txappela.eus jokoan, Jone eta Imanol Uriak, Kerman Diazek eta Beñat Lopezek. Funtzionamendu erraza du: bertso txapelketetako saioetan ariketa bakoitzeko bertsolari bat hautatu eta aukeratutako bertsolariek ateratako puntuak batuko ditu jokalariak. Saioaren irabazlea ere asmatu behar da. Xilabako eta Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioekin, martxan da dagoeneko, eta Bizkaikoa ere gehituko zaio. Txappela.eusTxappela.eus gunean parte har daiteke, edota Androiderako prestatu duten aplikazioan.

PISZIFAKTORIA Ideien Laborategiaren Ivanka antzezlanak irabazi du Donostia Kulturak antolatutako Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XII. Deialdia. Ivanka izeneko etorkin txiroaren kontakizunari esker, gure gizartearen alde ilun askori erreparatzen dio obrak. Mikel Ayllonek idatzi eta zuzendua, Irati Agirreazkuenaga du aktore. Deialdia irabazita, antzezlana garatzeko eta ekoizteko diru-saria jasoko dute egileek, eta, datorren urtean, Donostiako 31. Poltsiko Antzerki Jaialdian aurkeztuko dute.

IAZ online egin ostean, formatu fisikora itzuliko da Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera. Hala, azaroaren 20tik 28ra, jaialdiak formatu presentziala indartuko du, baina online bidezko zenbait elementuri eutsita, zinebilera.eus atarian jaialdiko zenbait lan ikusteko aukerari, besteak beste. Lehiaketaz gain, bestelako ekintzak izango ditu, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako 17. Kameratoia ikus-entzunezkoen rallya, esaterako, non dagoeneko badagoen izena ematea.