Autoen begirada

Gero eta hurbilago omen ditugu ibilgailu autonomoak. Teknologia nagusia prest dago, autoak kapaz ei dira gidaririk gabe ibiltzeko, baina bigarren mailako hainbat erronka tekniko, etiko, legezko eta psikologikori ere irtenbidea topatzea falta da. Seguru inoiz entzun dituzuela planteatzen diren galdera nagusiak: muturreko egoera batean, makinak noren segurtasuna lehenetsi behar du? Autoko bidaiariena? Inguruko autoena? Oinezkoena? Zeren arabera erabaki behar du hori? Edo, istripu bat izanez gero, norena da erantzukizuna? Autoaren jabearena? Softwarea diseinatu duenarena?
Galdera potolo horiez gain, badira teorian errazagoak diren beste hainbat ere, nola edo hala ebatzi beharrekoak. Adibidez: hiriguneetako trafikoan, oinezkook nola jakin dezakegu noiz den segurua geldi dagoen ibilgailu autonomo baten aurretik pasatzea? Nola jakin dezakegu makinak ikusi egin gaituela eta ez gaituela aurretik eramango? Nola komunikatuko dira ibilgailu hauek kalean gabiltzan oinezkookin?
Alorreko enpresak oso ideia xelebreak planteatzen ari dira: autoaren aurrean zebra-bide birtuala erakusten duen proiektore bat, haizetakoan proiektatzen den gidari birtuala, kolore eta forma guztietako argi seinaleak, bozgorailu bereziak oinezkoei ahots bidezko abisuak emateko... Haien planek aurrera egiten badute, etorkizuneko auto adimentsuek Korrikaren furgonetaren traza izango dute!
Beste batzuk bide sotilagoak probatzen ari dira. Land Roverrek, adibidez, gezurretako begiak jarri dizkie bere prototipoei. Begi horiek mugitu egiten dira autoaren eskanerrak ingurua behatzen ari direnean, ingurukoek jakin dezaten autoa nora begira dagoen. Proben arabera, irtenbideak oso ondo funtzionatzen du alde psikologikotik, parean dugunak zer egingo duen igarri nahi dugunean begietara begiratzea gure berezko joera baita.... Baina ez dakit nik, bada, balizko erosleei grazia handirik egingo ote dien autoak Disneyren Cars pelikulakoen itxura izateak!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/autoistripua
Autoekin fidatu ala ez, ez da txantxetako kontua. AEBetan, istripu serioak izan dira auto autonomoekin.

https://labur.eus/autonomoak
Auto autonomoen inguruko erreportaje zabal eta mamitsua, zientzia.eus atarian.

https://labur.eus/autoenhistoria
Auto autonomoen historiaren laburpena, ETBko Teknopolis saioko bideo labur-labur batean.