Reggae doinuak iparretik

wadadaWadada egunero
Doktor Deslai
GP Records, 2001

Euskal Herrian, reggaearen gorabeherek badute itsasaldiaren antza: batzuetan, gora etortzen da; gero, atzera egiten du; eta, urte batzuk geroago, boladan egoten da berriro. Orain, badirudi euskal reggaea eta, oro har, jatorri jamaikarreko erritmoak modan daudela ostera, nahiz eta guk zalantza handiak izan arrakasta handiena lortzen duten proposamenen inguruan. Baina hori beste eztabaida bat da. Orain,  ekar dezagun gogora 90eko hamarraldian Ipar Euskal Herritik reggae doinuak hedatzen ibili zen taldeetako bat, Skunk, King Mafrundi eta beste zenbaitekin batera. Doktor Deslai taldeaz ari gara; Wadada egunero hau hirugarren eta azken lana izan zuen, 2001ean argitaratua, eta, dancehall eta horrelako erritmo dantzagarrien adibide batzuk eskaintzen dizkigun arren (137. salmoa), sustraiak nagusitzen dira. Hertzainak taldearen Eh txo! kantuaren bertsioa dakar diskoak, garai batean zenbait txosna eta tabernatan nahikotxo entzun zenarena, baina askoz harrigarriagoa iruditzen zait AC/DCren Whole lotta Rosie kantua oin hartuta egiten duten bertsio bikaina.
Gotzon Hermosilla