“Etengabe galdetzen diot nire buruari zein den literaturaren lekua gaur egun”

cano

Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) denetik idatzi du: haur eta helduentzako ipuinak, nobela, poesia, kronikak, itzulpenak, saiakerak, bakarrizketak, telebista eta zinemarako gidoiak (Black is beltza, tartean), abestiak... M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Lan asko enkarguz egin dituzu. Denbora kendu dizute zeure sormen lanerako?
Bai, baina horri buelta ematen saiatzen naiz, komeni zaidalako. Normalean, denborak ez dio kalterik egiten ideia onari. Proiektu batekiko motibazioari eusten badiozu, bospasei urte geroago, baduzu horrekiko konplizitatea. Aurrera ateratzen diren proiektuek, intermitentzia eta guzti, merezi dutela pentsatu nahi dut. Hala ere, enkarguen defendatzaile sutsua naiz, inoiz ez dakizu noiz sortuko den txinparta. Norberaren proiektu batek ez du derrigor enkargu bat baino hobea izan behar. Denborarekin ikasi dut enkargu batetik atera daitekeela zerbait oso zeurea. Beste gauza bat dira elkarlanean sortutako proiektuak.
Ez diozu beldurrik izango ideiak agortzeari, ezta?
Ez, arazoa ez da ideiarik ez izatea, baizik eta horren barruan dauzkazun borrokak; alegia, ideia horiek egikaritzen hasten zarenean edo buruan oso itxura ona daukan zerbait idazten hasten zarenean topatzen dituzun arazoak. Baina horixe da ofizioa, eta ederra da trabak gainditzen saiatzea. Horretan datza gure lana, funtsean.
Halere, hori gertatuko balitz, baduzu ordurako lan bat pentsatua: gidabaimena ateratzea. Halere, horrek zure idazkera aldatuko omen luke. Zergatik?
Esajeratu samarra da, beharbada, baina bai. Nire pertsonaiek gidatzen dute, batzuetan. Kopilotu ordu asko egin ditut, baina bitxia da zuk inoiz egin gabeko gauza arrunt bati buruz idaztea. Poetak dira beti gidabaimena ateratzen azkenak, ez dakit zergatik. Mordoxka bat ezagutzen dut, hemengoak eta kanpokoak, eta aipatu izan didate beren idazkera aldatu egin dela gidatzen dutenetik... Lekuetara iristeko, distantziarekin, abiadurarekin... beste harreman bat dutelako, edo ez dakit zergatik, ez daukat teorizatuta, baina izan liteke. Aldiz, ezagutzen dudan poeta andaluziar batek esaten du ideiarik gabe geratzen denean autoa hartzen duela, gauean, eta horrela sortzen zaizkiola ideiak. Bada, ideiarik gabe gelditzen naizenerako, hortxe daukat aukera. Gidatzea hizkuntza bat ikastea bezala da: hizkuntza bat ikasten duzunean, aldatu egiten da zure idazteko modua, hizkuntza horretako mekanismoak edo esamoldeak kutsatzen zaizkizulako. Ingelesez gauza bat asko gustatzen bazaizu, euskaraz nola jarriko zenukeen pentsatzen hasten zara. Gainera, gutxiago irakurriko nuke, garraio publikoak horretarako denbora ematen digulako. Duela gutxi, Transilvaniako poesia jaialdi batean izan nintzen; bada, bidaiatzen ordu piloa eman nuenez, hiru liburu irakurri nituen.
Nobela berria duzu labean, Fakirraren ahotsa...
Imanol musikariaren alter egoa da protagonista. Ez da bera, baina bai oso antzeko norbait. Garai hartako jende asko elkarrizketatu dut, politika eta musika arlokoak, Imanol ezagutu zutenak, etab. Horrekin, fikzioa eraiki dut. Finean, nobela bat da, nahiz eta berezia izan, gertaera askoren ispilua (Sarriren kartzelako ihesa edota Yoyesen heriotza) oso garbi agertzen delako. Halere, kantari baten istorioa da, batez ere, hausnarketa asko daude musikari eta kantugintzari buruz. Imanolek, bere gaztaroaren, erbestearen eta bukaera gogorraren bidez, ia 40 urteko historia kontatzeko aukera ematen du.
Duela bi urte, nobela labur bat agindu omen zenion Susa argitaletxeari. Ez zen honen ernamuina izango?
Ez, hura beste bat da. Urteak dira idatzita dagoela, baina ez zait gustatzen nola dagoen. Berridatzi egin beharko nuke, baina nagikeria ematen dit; beharbada, zerotik hasiko naiz. Batzuetan, proiektu batzuk bidean geratzen dira, eta batzuei berriz heltzen diezu eta beste batzuei ez. Hori ere ofizioaren parte da, eta onartu beharra dago. Zuk diozuna gezurti konpultsibo baten istorioa da; bitxia da, idazten hasi nintzenean ez zelako egia-osteari buruz hitz egiten. Orain, bat-batean, asko hitz egiten da gezurrari eta egiari buruz, eta horrek pixka bat aldarazi dit pertsonaiarekiko harremana. Gezurra esan, eta berehala damutzen den pertsona baten istorioa da; damutu ondoren, esan duen gezurra egia bihurtzen saiatzen da. Batzuetan lortzen du, beste batzuetan ez. Horixe da pertsonaiaren motorra, nolabait, badauka halako alderdi komikoa.
Nobela bat ontzeko hamar urte behar dituzula esan izan duzu...
Bi eta erdirekin konformatuko nintzateke! Baina bi eta erdi e-postarik erantzun gabe! Ez dakit munduan ba ote dagoen idazlerik une honetan hori egin dezakeenik. Antzerki munduko jendearekin hizketan, 80ko hamarkadako funtzionamenduaren nostalgia dute. Dena askoz prekarioagoa bazen ere, sentsazioa dute denbora gehiago eskaintzen ziotela proiektu gutxiagori, eta, halere, hortxe segitzen zuten, lanean.  Gaur egun, aldiz, badirudi gauza asko egin behar ditugula aldi berean, eta nik hor borroka handia daukat neure buruarekin, nola geldiarazi hori, edo gelditu ahal den! Antzerkikoek zioten beren esparruan ezin dela,  lan bat prestatu, eta emanaldi gutxi batzuetan joaten zaiela, lehen ibilbide luzeagoa edukitzen zutela; agian, eskasiaren albo-abantaila, ez dakit...
Kaleratu berri da zure ipuinen antologia bat, Mecanografiak. Zer iruditu zaizu Irati Jimenezen hautaketa?
Nik beste bat egingo nukeen, baina hori da ariketa honen grazia: autorretratua egin beharrean, beste batek egitea zure erretratua, eta, hori egiteko, zure ipuinak erabiltzea. Liburu hau nire erretratu kubista da, ez delako gaur naizenaren argazkia, baizik eta hainbat garai, une eta estilotan egindako gauzen bilduma. Iratik oso lan ona egin du, nire burua beste era batean hautematen lagundu dit, gauza batzuk erlatibizatzen...
Argitaletxe askorekin argitaratu dituzu liburuak, ez zara batere leiala...
Desafioa ere bada. Izan ere, batzuetan, liburua idaztean, argitaletxe batean imajinatzen duzu, edo editore batekin. Gaiagatik, edo idazteko tankeragatik... iruditzen zait editore batekin edo bestearekin hobeto atera daitekeela liburua. Hori oso argi dute musikariek, ez hainbeste diskoetxeekin, baizik eta ekoizleekin. Azken batean, editorea produktorea da, diskoa egitean soinu mahaian dagoena. Neurri batean, editorea zure pilotalekua da, zure maniak eta nahiak kudeatzen laguntzen dizun norbait, bere maniak eta nahiak tartean daudela. Oso ezezaguna da editorearen lanbidea, baina azkeneko emaitzan jendeak uste baino garrantzi handiagoa du.
Zerk kezkatzen zaitu literaturan?
Etengabe galdetzen diot nire buruari zein den literaturaren lekua gaur egun, edo idazle baten funtzioa. Jendearen arreta hain txikia denean, hainbeste gauza daudenean, hainbeste zarata, hainbeste whatsapp... zein zeregin eta ardura ditu testuak sortzen dituen pertsona batek? Guk gauza bera egiten jarraitzen dugu, gure parametro estetikoak duela 25 urtekoak dira. Egundoko anakronismoa ikusten dut, izan ere, jendeak non kontsumitzen ditu istorioak? Edo zein istorio mota kontatzen diogu elkarri eguneroko bizitzan, eta nola? Ez dakit ez genituzkeen bestelako testuak egin behar. Teknologiak gure burua aldatu du, baina guk lehengo eskemetan jarraitzen dugu.
Gehiago pentsatu behar da irakurleengan?
Ez, munduak izan dituen aldaketetan. Nik badaukat joera esateko XIX. mendean geratu nintzela. Ez naiz hasiko Olivetti batean idazten, ordenagailua oso erosoa da, baina hortik aurrera... Ez Facebook ez Twitter ez Instagram! Ez dut ezer jakin nahi. Dena den, iruditzen zait buelta etorriko dela eta, hemendik urte gutxira, gazte inteligenteek baztertu egingo dutela teknologia. Pentsatu nahi dut engainu handi honek, distrakzio honek, izango duela erreakzioa, konturatuko garela benetan zerk merezi duen. Tira, agian oso inozoa naiz...
Aurten, ezinbestean egon beharko duzu Durangoko Azokan. Zergatik argitaratu behar dute euskal idazleek beti Durangorako?
Segur aski, funtzionatzen duelako. Arrazoi enpresarialak, soziologikoak, ohiturazkoak... daude. Argitaletxe txiki askok bizirik irautea ziurtatzen dute Durangoko Azokan, han liburu bat saltzea, bitartekaririk gabe, liburu dendan bi saltzea bezala delako. Beti aipatzen da irakurlearekin izaten den harremana, eta egia da, baina enpresa-alderdia ere hor dago, oso oinarrizkoa. Egia da modu arrazionalagoan egin beharko litzatekeela, beste gune bat sortu beharko litzateke udaberri aldera, pixka bat dibertsifikatu, baina errealitatea bere pisu guztiarekin dator, eta horixe gertatu da Durangorekin. Horrez gain, Gabonak gertu daudenez, jendeak opariak erosteko baliatzen du abagunea... Funtzionatzen du, beraz, zergatik egin kontra?
Zure lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Zeu itzultzailea izanda, nola konpontzen zara zure lanen itzultzaileekin?
Hizkuntza ezagutu ezean, itzultzailearen esku zaude erabat. Itzultzaile ona edo txarra den jakiteko, badago trikimailua: zenbat galdera egiten dizkizun. Dena ulertu badu, ez badizu ezer galdetzen... seinale txarra! Ez zaio sortu zalantzarik, edo ez zaio inporta? Aldiz, badaude oso galdera zehatzak egiten dituztenak, areago, erratak topatzen dituzte! Horiek dira monumentu bat egiteko modukoak! Itzultzaileen gremioa, salbuespenak salbuespen, profesionaltasun handikoa da. Ez dago gure arteko euskal itzultzaileak ikusi besterik: oso jende ona da, arduratsua... Lanbide horrek perfekzionismoa maite duen jendea eskatzen du, horregatik da neurotikoz betetako mundua, idazleena bezalakoa, baina itzultzaileak neurotiko zorrotzak dira, gozamena da haiekin lan egitea.
Zure lanak zeuk itzuli dituzu gaztelaniara. Ez da tentazio handiegia testua hobetzen saiatzea?
Ni hasi nintzen nire obrak itzultzen garai hartan ez zegoelako dirurik horretarako. Orduan, ez nuen eskarmenturik, eta etengabe aldatzen nuen testua, ez zitzaidalako gustatzen, aspertu egiten ninduelako... Dibertitzeagatik besterik ez bazen ere, pertsonaien izenak aldatzen nituen, kapitulu oso bat kentzen nuen, beste berri bat sartzen... Halaxe egin nuen Beluna Jazz nobelarekin; originalak ez du zerikusirik itzulpenarekin. Urteekin, ordea, itzulpenak egin ahala, jabetzen zara euskaraz egin duzunak baduela zentzua, eta modu hotzagoan itzultzen duzu, gaztelaniaz ahalik eta ondoen emanez, ahalik eta aldaketa gutxien eginez. Dena den, duela 10 urteko lan bat oso urrun geratzen zaizu, eta, horregatik, aldaketak egiteko tentazioa handiagoa da. Duela sei hil euskaraz argitaratu dena itzultzen baduzu, aldiz, gutxi gorabehera identifikatzen zara horrekin, eta aldaketa gutxiago egiten dituzu. Baina ni itzuli ahala bihurtu naiz itzultzaile, eta orain hoztasun handiagoaz egiten diot aurre itzulpenari.

Hiromi Yoshidak Twist itzuli nahi du japonierara...
Setatuta dago, bai! Zure lanak itzultzearen gauzarik onena da itzultzaileak ezagutzen dituzula. Nire lanak itzulita daude Serbian, Bulgarian... Ilusioa egiten du etxean zure liburu bat bulgarieraz edukitzea, baina oso argitalpen txikiak izaten dira, eta oso nekez iristen da feedbacka. Askotan, editoreak ez dituzu ezagutzen, eta ez dakizu zergatik aukeratu duten liburu hori itzultzeko. Baina asko ikasten da itzultzaileei esker: zure hurrengo liburuak ezberdinak dira, itzultzaileen ikuspegi eta irakurketa zorrotzak izan dituzulako. Calvinok esaten zuen irakurlerik onena itzultzaile bat dela. Liburu bat irakurtzeko modurik onena da itzultzen saiatzea, eta liburu bat maitatzeko modurik onena ere bai. Horregatik gustatzen zait tartean behin itzulpenak egitea. Normalean, mesfidantza sortzen didate inoiz libururik itzuli ez duten idazleek, idazle batek eduki behar duelako bizitzaren mementoren batean asko gustatu zaion liburu bat itzultzeko grina. Sormenarekin lotutako lana da.
Japoniarrek ulertuko lukete Twist?
Ideiarik ez! Argentinan eta Txilen, ulertu dute, baina desagertuen kontua oso bizirik dutelako gogoan.  Bulgarian ere oso ondo ulertu zuten. Guk uste baino hobeto ulertzen dira gure lanak kanpoan, konplexuz beteta gaude. Zein da gure jarrera nobela japoniar batean zerbait ulertzen ez dugunean? Bada, autorearen alde jartzea, eta pentsatzea, guk harrapatu ez arren, Japonian zentzua izango duela. Irakurle onak gauza bera egiten du gurekin. Nondik datoz, orduan, gure konplexuak? Beharbada, gaztelaniaz irakurtzen gaituztenean ez dutelako hori egiten, hizkuntza batek bestea menderatzen duelako. Oso galdera xelebreak egiten dituzte batzuetan Espainian: “Zergatik jarri dizkiezu euskal izenak zure pertsonaia guztiei?”. Galdetuko liokete idazle japoniar bati zergatik dituzten beraren nobelako pertsonaia guztiek izen japoniarrak?
Idazle batek badu bestelako funtzio soziala hizkuntza minorizatu batean idazten duenean?
Bai, halabeharrez. Euskal idazle baten funtzioa ez da inoiz izango idazle frantses batena. Sarri, kanpotik datozen gauzak dira; izan ere, zuri hizkuntzak bost axola arren, beti galdetuko dizute hizkuntzari eta herriari buruz. Zure hizkuntzaren ordezkari izan nahi ez baduzu atzerrian, zure liburuaz bakarrik hitz egitea espero baduzu, ez joan, ez baita hori gertatuko. Jakin nahi dute nola argitaratzen diren liburuak milioi bat hiztun inguruko komunitate batean, eta entzun nahi dute inoiz entzun ez duten hizkuntza bat. Onartu behar da hori gure funtzioaren parte dela, horrek egiten gaitu ezberdin. Gure ekosistema honetan zomorroak izaki, gure zomorrotasuna aldarrikatu behar dugu, ekosistemako osagai garrantzitsua garela.
Nola helarazi euskal kultura erdal kultura bakarrik kontsumitzen duten euskaldunei?
Lehenbizi, guri dagokigu ondo, hobeto, idaztea. Ez dadila egon ez irakurtzeko aitzakiarik. Ondoren, eta hau ez dagokigu guri, apustu handia egin behar da ikusgaitasunaren alde, apustu serioa. Biderkatu beharko litzateke ez dakit zenbat aldiz aurrekontua. Kontua da zertan duzun fedea eta zeri ematen diozun limosna. Euskarazko sorkuntzarekiko ez da fede handirik egon, indar izugarria duten bi estatu eta bi kulturaren artean bizi izanda. Ez bada egiten legez araututako zerbait gure zomorrotasunaren duintasuna bermatzeko, alferrik ari gara liburuak bulgarierara itzultzen. Jogurtak erosteko supermerkatuan sartu, eta Shakira edo Enrique Iglesias etengabe entzuteak mindu egiten nau. Askoz ere gehiago entzun beharko genuke euskaraz egiten den musika, adibidez. Hori aldatzeko, neurri sendoagoak hartu behar dira, fedea behar da kulturan, eta legea aldatzea. Ezinezkoa izan beharko litzateke, Euskal Herriko leku publiko edo erdi publiko batera sartzean, euskaraz hitz egiten hasi ala ez zalantza sortzea, hori hilgarria da. Nik euskaraz hitz egin nahi badut tabernako zerbitzariarekin, berak hitz egingo du nahi duen moduan, baina gutxienekoa ulertu beharko du. Derrigortua egon beharko luke, bai, derrigortua. Baina hitz hori ez zaie gustatzen politikariei.
Erradikala zarela esango lukete...
Bai, horretan erradikala naiz, eta ez dut lotzen politikarekin. Ni erradikala naiz edukazioan, kortesia kontuetan. Heziketa ona, giza hezibidea... Taberna bat daukazu? Bada, ehun hitz jakin behar dituzu euskaraz. Edukazio kontua da, ez kontatu ipuinik! Euskaraldia, kasu, ideia ona da; kontua da jarraituko ote duten egiten, ez ote den une jakin baterako izango. Ideia on asko egon dira, baita erakundeenak ere, baina eustea da gakoa. Gauza sinbolikoen arriskuaren pean bizi gara, eta sinbolismoak akabatu egingo gaitu.

Kolkotik  

Itzulitako zein lan gustatuko zitzaizun zeurea izatea?
Raymond Carverren Enkargua.
Ikasi nahiko zenukeen hizkuntza bat?
Poloniera. Oso konplikatua da, baina poloniarrek oso erraz ikasten dituzte hizkuntza guztiak. Iruditzen zait beste hizkuntza batzuk ikasteko erraztasuna irabaziko nukeela.
Idazle bat?
Italo Calvino.
Liburu bat?
El nervio óptico, Maria Gainzarena. Eta Zuloa, Xabier Gantzarainena.
Idazlea ez bazina, zer?
Kristal garbitzailea, lan fisiko bat non perfekzioa posible den.
Historiako filmik onena?
Billy Wilderren Some Like It Hot.
Historiako filmik tristeena?
Ladri di biciclette (Vittorio De Sica, 1948). Ez dakit berriro ikusteko indarrik bilduko dudan.
Euskal zuzendari bat?
Koldo Almandoz.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Netflixek ekoitziko du Moriartiren hurrengo telesaila, euskaraz.
Zer eman dizu literaturak?
Bizibidea, eta begi eta belarri berriak.
Eta zeuk zer eman diozu literaturari?
Nire onena une bakoitzean, ustez.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Ahuakate bat eta apioa.
Larunbat gauerako planik onena?
Etxean egotea, musika entzuten etairakurtzen.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Uharte batean, karramarroak jaten, asko irakurtzen eta gutxi idazten.
Zer egiten duzu lasaitu beharra duzunean?
Oinez ibili, parkean zehar.
Bizio bat?
Igeri egitea, lasaitzeko ere egiten dut.
Zerk ematen dizu amorru?
Kafe bat eskatu eta ¿perdón? entzuteak; amorru ikaragarria, gainera.
Zerk beldurtzen zaitu?
Denboraren abailak.
Bi hitzetan, nolakoa da Harkaitz?
Sormenaren sukarraldian bizitzen ohitutako norbait, onerako eta txarrerako.