Aurrera doa Gasteizko Kafe Antzokia

gasteiz

Gasteizko Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia kokatzeko Udalak eskainiriko Ruiz de Bergara jauregia onartu ostean, Lazarraga kultur elkartean buru-belarri dabiltza 1.300 metro koadroko eraikinaren proposamen arkitektonikoa prestatzen, eta proiektuaren finantzaketa aztertzen. Urtea amaitu baino lehen atera nahi dute obra lehiaketara, eta, dena ondo baldin badoa, 2019ko udal hauteskundeen aurretik hasiko dira lanean. Estitxu Ugarte.

Eraikuntza ez da perfektua. Juan Ruiz de Bergarak eta Maria Diez de Alavak 1521. urtean eraikia, jauregi errenazentistak baditu alde onak eta alde txarrak. Andre Maria Zuriaren plazatik eta Probintzia plazatik oso gertu dago, eta bi sarrera ditu, bata Zapatari kaletik eta bestea Errementari kaletik. Gasteizko erdigunean egotea abantaila da, pasagunea delako. Hala ere, barrualdeko espazioa ez da oso handia: “Gure ustez, izan daiteke emanaldiak eta egitaraua aurrera ateratzeko toki duina; gakoa da espazioa ondo aprobetxatzea”. Manu Diaz de la Barcena Lazarraga elkartearen lehendakariak azaldu duenez, eraikinak lau solairu ditu, eta patio bat erdian, baina inguruko eremuak ez dira oso zabalak.
Hortaz, malabarismo arkitektonikoa egin beharko du Lazarraga elkarteak Gasteizko euskalgintzaren urteetako ametsa edukiontzira egokitzeko. Bi zutabe ditu egitasmoak: Euskararen Etxea (egun, Montehermoso jauregian dago) eta Kafe Antzokia. Ostalaritza guneak areto bat izango luke, kontzertuak eta ikuskizunak egiteko; Euskararen Etxean, berriz, euskalgintzako hainbat eragileren bulegoak egongo dira: GEU elkartea, Alea aldizkaria, Oihaneder… Halaber, sorkuntzarako tailerrak, ikastaroak edo mintzaldiak eskaintzeko esparruak eta erakusketa areto bat ere izango ditu Ruiz de Bergara jauregiak.
Kultur erreferente bat
Ane Pedruzo Oihaneder Euskararen Etxeko teknikariak “euskararako benetako arnasgune bat” irudikatzen du bertan, Montehermoson ehuneko ehunean lortu ez dutena, hain zuzen: “Gune modernoa irudikatzen dut, malgua, sortzaileei erraztasunak emango dizkiena; munduari irekia eta ikuspegiduna, oso saretua”. Kultur erreferentea eta euskarazko sorkuntza ahalbidetuko duen eremua ere ikusten ditu Diaz de la Barcenak, “sortzeko gune emankorra”.
Lazarraga elkarteak kudeatuko du Gasteizko Kafe Antzokia, eta, elkartekideen esanetan, printzipioz ez du izango gaueko aisialdirako gunerik, Bilboko Kafe Antzokian edo Durangoko Plateruenan ez bezala. “Honek ez du beste ezer ordezkatuko; Berri Txarrak Gasteizera baldin badator, Jimmy Jazzen edo Hell Doradon joko du” dio Pedruzok. Are gehiago, euskarazko jarduera guztiak ez daudela zertan Ruiz de Bergaran bildu adierazi dute: “Auzoetan, beharrezkoak dira euskarazko ekitaldiak eta ekimenak, hiri osoan dira beharrezkoak; eta, gainera, ostalaritzaren arloan ez dugu inorekin lehiatzeko asmorik”.
Finantzaketa
Gaueko kontzertuen eta jardueren bitartez lor daitekeen finantzaketarik izango ez dutenez, Lazarragak espero du herrigintzaren eta administrazioen arteko elkarlanak proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea. Hala, zertxobait autogestionatua izango bada ere, administrazioen babes ekonomikoa beharko du aurrera egiteko. Izan ere, Gasteizko Euskararen Elkarguneak Ruiz de Bergara jauregia onartzeko jarri zuen baldintzetako bat izan zen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, eta, horretarako, Lazarragaren eta Udalaren arteko elkarlanerako mahai bat sortzea. Lazarragaren lehendakariarentzat garrantzitsua da finantzaketa zehaztea, kudeaketa osoa baldintzatuko duelako. “Udalari alderdi hori lantzeko eskatu diogu, eta horretaz aritu gara. Aldi berean, eraikinaren gaineko lanketa egin beharra dugu, finantzaketa zehaztu, eta izaera juridikoari buruz eztabaidatu. Edukiontzia ez dugu nahi hutsik egoteko”.
Ikasturte honetan abiatuko da lan mahaia, aurki. Lazarragak uste du eredu juridiko egokiena fundazioa dela, horrek islatzen baititu hobekien herrigintzaren giharra eta administrazioaren babesa, baina Gasteizko Udalak, oraingoz, ez dio oniritzia eman. “Proiektua errotuko balitz, aukera hori aztertuko dutela esan digute”. Bitartean, erdibideko formula bat proposatu die Udalak: emakida bitartez, Lazarraga elkarteari Ruiz de Bergara jauregiaren kudeaketa esleitzea, eta finantzaketa hitzarmen bidez bermatzea. “Gure benetako helburua da euskalgintzako eragileak eta administrazioak bilduko dituen fundazioa eratzea, baina emakidak ere hobetuko luke egungo egoera”.
Gauzak horrela, eta kontuan hartuta Kafe Antzokiaren proiektuak azkeneko hamar urteotan izandako gorabeherak, Lazarraga elkartearen nahia da obraren behin betiko esleipena eta konpromiso kredituak 2019ko udal hauteskundeak baino lehen onartzea, hurrengo urteetako udal aurrekontuetan partida finko bat bermatze aldera. “Kezka bat dugu: hauteskunde guztien ondoren, geldialdia egoten da; beraz, ez bada legegintzaldi honetan martxan jartzen, berriro hasi beharko dugu politikariekin harremanetan sartzen, eta denbora asko igaroko da. Legealdi honetan, hain zuzen, horixe gertatu da: gobernuan dagoen alderdia proiektuari dagokionez zeharo ados egon arren, denbora luzea joan zen hauteskundeak egin zirenetik egitasmoa abiatu arte”.


Hamar urteko ametsa

Gasteizko Kafe Antzokia egiteko proiektuak hiru udal hauteskunde bizi izan ditu dagoeneko, eta, haietako bakoitzaren ostean, sekula ez da egon alderdi politiko bera gobernuan:  2008an, PSEko Patxi Lazcoz alkatearekin proiektua garatzeko plangintza lantzen hasi zen; 2014an, agintean PP zegoela, proiektuaren adarretako bat, Oihaneder Euskararen Etxea, inauguratu zen, Montehermoso jauregian; orain, EAJren eta PSEren gobernuarekin, Kafe Antzokiaren behin betiko kokalekua zehaztu da. Alderdi politiko guztien adostasuna bilatu du Lazarragak hasieratik, eta badirudi lortu duela. Horrenbestez, gobernua kolore batekoa edo bestekoa izanik ere,  Ruiz de Bergarako egitasmoaren sustatzaileak aurrera egingo duela sinetsita daude.
Orain arte egindako bideari dagokionez, sentsazio gazi-gozoa dute Lazarragako kideek. Hamar urte luze joan dira ametsa egia bihurtzeko ahaleginean, “eta oraindik gauden tokian gaude”. Bidea ez da izan erraza, oztopoak izan dira, gorabeherak, baina orain helburua gertuago ikusten dute. Ane Pedruzo Oihaneder Euskararen Etxeko teknikariak dioenez, “izan dira une politak, tentsio handikoak ere bai, proiektua geldirik ikusteak ezinegona eragin digu... Hau da, denetik eduki dugu, baina Kafe Antzokia inoiz ez dugu hain hurbil ikusi”.