Eman al duzu izena Euskaraldian? Nola hartuko duzu parte?

ika-mika

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldia egingo da Euskal Herri osoan: 11 egun euskaraz, euskararen erabilera areagotzeko eta euskaldunon hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial eta kolektiboa. Belarriprest edo ahobizi rolari helduta hartuko dugu parte. Ahobiziek euskaraz egingo diote euskara ulertzen duten guztiei, eta ezezagunei ere lehen hitza euskaraz esango diete. Belarriprestek, berriz, euskara dakiten guztiei eurekin euskaraz aritzeko eskatuko diete, euskara ulertzen dutela adierazita. Atzera kontua martxan da. Dagoeneko elkarte, erakunde eta eragile ugari atxiki zaizkio ekimenari, eta orain norbanakoek dute izena emateko aukera. Zuek parte hartuko al duzue? Zer izango zarete, ahobizi ala belarriprest?
Bilboko Lizardi AEK euskaltegiko B1-B2 mailako goizeko ikasleak


1. Borja
Ekimena oso ona da. Egia da Bilbon euskara ez dela erabiltzen beste leku batzuetan beste, baina horrek ez du esan nahi Bilbon ez dakigunik euskaraz hitz egiten. Euskaraldian sorpresa handiak hartuko ditugu, euskara zenbat jendek erabiltzen duen ikusiko dugu eta. Ni belarriprest izango naiz, eta zu?.
2. Javi
Bai, parte hartzeko prest nago, belarriprest izango naiz. Uste dut ekimen honen bidez gure hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ona izango dugula.
3. Lida
Bai, parte hartuko dut, belarriprest izango naiz. Nire nahia euskara ulertzea eta hitz egitea da, horretarako egiten dut ahalegina, baina ahobizi izateko oraindik maila txikia dudanez, erosoago sentituko naiz belarriprest izanda.
4. Mertxe
Euskaraldia ekimen ona izango da euskara gehiago erabiltzeko, Euskaraldiko egunetan egingo dugunak gure hizkuntza ohiturak aldatzen lagunduko digu. Ziur nago jende askok parte hartuko dugula, eta, hamaika egunak pasatu ondoren, euskara gehiago erabiliko dela. Nik hasteko gogoa daukat, eta belarriprest izango naiz. Eta zu? Anima zaitez.
5. Eba
Ekimen hau oso polita dela pentsatzen dut, eta ezusteko handia emango digu. Niri ahobizi izatea gustatuko litzaidake, baina belarriprest izango naiz. Azkenean, helburua gure hizkuntza ohiturak aldatzea da.
6. Iratxe
Bai, parte hartuko dut, eta belarriprest izango naiz. Uste dut gure hizkuntza ohiturak aldatzen eta gure beldurra eta lotsak kentzen lagunduko digula.