Mundua

unicefIa 7.000 jaioberri hiltzen dira egunero

Urtero, 2,5 milioi haur hiltzen dira hilabete egin baino lehen. Hau da, ia 7.000 jaioberri egunero. Gehienak, Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan eta Asiako hegoaldean. Haur horietako asko izena izan aurretik hiltzen dira. Gurasoek ez diete jartzen, bizirik irauten ez badute errazago ahaztu ahal izango dituztelakoan. Halaxe jakinarazi du UNICEFek Izen bat, bizitza bat kanpainaren aurkezpenean. Premiazko neurriak hartu ezean, 2030. urtera bitarte 28 milioi jaioberri hilko direla ohartarazi du erakundeak. Heriotza horien arrazoiak hainbat dira: jaiotza goiztiarra, erditzean arazoak edo infekzioak, septizemia, pneumonia edo meningitisa... “Haurren heriotzen % 80 neurri sinpleekin ekidin daiteke: txerto bat, eltxo sare bat edo garaiz emandako antibiotiko bat, kasu. 5.600 bizitza salba ditzakegu egunero” azaldu du Toti Martinez de Lezea idazleak, UNICEFeko Euskal Herriko Batzordeak kanpainaren aurkezpenean egindako agerraldian. Hain zuzen, datu beldurgarri horiek murriztea da kanpainaren helburua. Izan ere, askorik ez da behar jaioberrien bizitza salbatzeko. Adibidez, euro batekin, besterik gabe, bi haurri polioaren aurkako txertoa jarri ahal zaie, edo “2 eurorekin, UNICEFek 4 amari eman ahal die tetanosaren aurkako txertoa” adierazi dute Aitana eta Paula Etxeberria Twin Melody bikoteko abeslariek. Kanpainaren berri eta nola lagundu jakiteko, unnombreunavida.es gunera jo daiteke.