Hedabideak

infoInfo7 irratia itxi egingo dute, beste irrati bat sortzeko

Hamahiru urteko ibiliaren ostean, datorren abenduaren 15ean egingo du azken saioa Info7 irratiak. Ez da luzaroan isilik egongo, ordea. Izan ere, lekukoa irrati proiektu berri bati emango dio. Euskara hutsean izango da, eta datorren urtean jarriko dute martxan. Irratiaren izena ez dute jakinarazi, oraingoz. Aztibegia elkarteak jarri zuen abian Info7 irratia, Urruñan. Euskal Autonomia Erkidegoan legez zabaltzeko baimenik ez du izan orain artean, eta horrek zailtasunak ekarri dizkio ekonomikoki garatzeko. Haatik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mendialdean legez jarduteko lizentziak lortu dituzte orain, eta hori baliatuko dute proiektu berri eta sendoagoa sortzeko. Are, publikoak ez direnen artean, Hego Euskal Herriko irratirik handiena izango da, Aztibegiako kideek azaldu dutenez. Hori bai, Ipar Euskal Herrian jarduteko baimenik ez dute, oraingoz, baina lortzen saiatuko dira. Azken emisioa, abenduaren 15ekoa, festa giroan egingo dute. Ondoren, buru-belarri hasiko dira proiektu berria garatzen. Bien bitartean, adi seinaleari!