Ingurumena

plastikMikroplastikoak, baita gatzetan ere

Merkaturatzen den gatzak ere mikroplastikoak dauzka. Hala ondorioztatu du Incheon National University-k (Hego Korea) Greenpeacen eskariz egindako ikerketa batek. Munduko hainbat herrialdetako 39 gatz marka aztertu dituzte ikertzaileek, eta mikroplastikoak topatu dituzte %90ean. Aztertutako 39 marketatik 36tan, alegia. Txina, Taiwan eta Frantzian ekoitzitako gatza duten marka banatan ez dute plastiko arrastorik topatu. Mikroplastiko gehien dituzten markak itsasoko gatza dutenak dira. Hori jakina zen, baina ikerketa honetan ikusi dutenez, aintziretako gatzagetatik eta harkaitzetatik ateratzen den gatzean ere agertu dira mikroplastikoak. Era berean, itsasora plastiko hondakin gehien botatzen duten herrialdeetan mikroplastiko kopuru handiagoak topatu dituzte. Esaterako, mikroplastiko gehien Indonesian ekoitzitako gatz marka batek zuen, eta Indonesia da munduan plastiko hondakin gehien sortzen duen bigarren herrialdea. Hau da, ikertzaileen ustez, lotura zuzena dago sortzen den hondakin kopuruaren eta mikroplastikoen kutsaduraren artean.