Euskara

eskuliburua‘Euskara Batuaren Eskuliburua’ argitaratu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak bere arau, gomendio eta bestelako irizpenak modu “didaktikoan” birformulatu eta Euskara Batuaren Eskuliburuan jaso ditu. Urriaren 5ean aurkeztu zuen, Arantzazun egindako XVII. Biltzarrean. Lexikoa, kalkoak, ahoskera, ortotipografia... alor askotatik bildutako informazioa dago eskuliburuan. Sarreretako bakoitzean, zehaztuta dago “zer duen Euskaltzaindiak arau moduan emana  eta zer ez, zer den erabakia eta zer den gomendioa edo hobespena, edota non komeni den batasuna egitea”. Finean, jarraibidez osaturiko liburu praktikoa da, Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak orain arte baino askoz modu errazagoan ezagutzeko aukera eskaintzen duena. Izan ere, lehen akademiaren webgunean bilatu behar ziren, eta, gainera, azalpen luzeak izan ohi zituzten. Euskaltzaindiak bere lana gizarteratzeko asmoz argitaratu du. Paperean eskura daiteke, edo Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) kontsultatu. Irene Arrarats, Joxe Austin Arrieta, Igone Etxebarria, Alfonso Mujika, Patxi Petrirena, Paskual Rekalde eta Allande Sokarros euskaltzain urgazleek prestatu dute eskuliburua, Andres Alberdi euskaltzain urgazlearen ardurapean.