1981 eta 2006 artean aldizkarian lanean ibilitako lagun asko elkartu ziren, Bilboko Kalderapeko kulturgunean, AIZU!ren mende laurdeneko historiari buruzko erakusketa ibiltaria inauguratzeko. Erakusketak Hego Euskal Herriko lau hiriburuak eta beste ia 20 herri bisitatu zituen 2006ko azarotik 2007ko ekainera bitartean. Ikasturte hartan, AEKren aldizkariak Merezimenduzko 2007 Argia Saria ere jaso zuen. M. Egimendi.

Zirraraz betetako ikasturtea izan zen hura AIZU!ko kideentzat, eta, erakusketa antolatzeaz gain, aldizkari berezia (312. zk.) argitaratu zuten 2006ko abenduan, argitalpena 1981eko Durangoko Azokan aurkeztu zenetik 25 urte bete zirenean, hain zuzen ere. Zenbaki hark itxura ezberdina hartu zuen. Patxi Uharte Zaldi Eroa ilustratzaileak marraztu zuen azala, 0 zenbakiaren azalean inspiratutako bertsioa. Horrez gain, aldizkaria ohi baino potoloago eman zen argitara, hileroko 42 orrialdeei beste 44 gehitu baitzizkieten. Zertarako horrenbeste orrialde? Bada, zenbaki hartako editorialak azaldu bezala, 25 urtean AIZU!ri “hatsa eman zioten ia 400 lagun langileak” omendu nahi izan zituztelako. Hala, mende laurdenean AIZU!n argitaratutako 25 azal, 25 gertakari, 25 elkarrizketa, 25 AEKomeria, 25 komiki, 25 iragarki, 25 liburu eta 25 egile hautatu zituzten zenbaki berezirako, kaleratu ziren unean zeuden bezalaxe argitaratzeko, ezer aldatu gabe, “zuzentzaileari eta Euskaltzaindiaren azken arauei erreparatu gabe, besteak beste, orduan arauak beste batzuk zirelako”. Aukeraketa, halere, “latza eta erabat subjektiboa” izan zela aitortu zuten. Bestalde, aldizkaria egin zutenak omentzeaz gain, hilero irakurtzen zuten “milaka ikasle sufrituak” ere gogoan izan zituzten 25. urteurreneko zenbakian.
Erakusketa ibiltaria osatzeko ere azal hautaketa egin zen, urte eta diseinu mota anitzeko 25 azal ibili baitziren batetik bestera. Bilboko Kalderapeko kulturgunean hasita, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta ia beste 20 herritan egon zen ikusgai, gehienetan AEKren euskaltegietan (Portugaleten, Basaurin, Iruñean, San Adrianen, Donostian, Irunen, Azkoitian, Gasteizen, Laudion…). Halere, ezagutu zituen beste egoitza batzuk ere, hala nola BBKren Getxoko kultur aretoa, Gasteizko Hala Bedi irratia edota Igorreko kultur etxea.
Hamabost urte geroago, 40 zenbaki biribila delakoan, beste urtemuga bat nabarmentzen gabiltza. Dagoeneko kaleratu ditugu aldizkari eta webgune berrituak, eta aurten ere berezia izango da abenduko zenbakia, 40 urte eta 462 zenbaki ez direlako alferrik pasatzen.

2007KO ARGIA SARIA
AIZU!rentzat ahaztezina izan zen 2006/07 ikasturtea, Merezimenduzko Argia saria ere jaso baitzuen 2007ko urtarrilean. Honela azaldu zuen Argia aldizkariak saria AEKren aldizkariari emateko arrazoia: “Euskarazko prentsa krisi betean zegoen garai hartan, aldizkari berri bat sortu eta biziarazteko, oso argi eduki behar zen xedea: euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasten ari ziren helduei beren neurrira egindako komunikabide berria eskaintzea. Hamaika polemika, gaizki-ulertu eta saltsaren erdian egotea egokitu zaie urteotan, urte lasaiagoak eta une garratzagoak bizi behar izan dituzte. Baina beti lortu izan dute beren zerbitzu lana betetzen jarraitzeko adorea, batzuetan kopetilun, bestetan ausart, askotan umoretsu… beti aurpegia emanez”.