Felipe Fernandez
(Pedro Muñoz, Espainia, 1988)

Lanbidez erizaina, 2014an etorri zen Euskal Herrira, Osakidetzan lan egiteko deiari erantzuteko. “Kaixo eta agur hitzak besterik ez nuen ezagutzen”, dio. Pasai Antxon bizi da, eta bertako Txirrita AEK euskaltegian sei urte daramatza. Egun, C1 mailan ari da, eta, saialdi askoren ostean, bikotekideak ere euskaltegian izena ematea lortu du.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Osakidetzako lan poltsan, bigarren hizkuntz eskakizunarekin 18 puntu ematen zituzten. Puntu piloa da eta, lortzeko, euskara ikastea erabaki nuen. Hasierako asmoa hori nuen, baina lehenengo urtean aldatu nuen: asko gustatzen zait euskara ikastea, eta nire asmoa jada ez zen puntuak lortzea, jendea eta hizkuntza ezagutzea baizik.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Puntuak lortzeko, baina ekainean B2 egiaztagiria eskuratu eta jarraitzea erabaki nuen, euskaltegian oso gustura nagoelako. Hasierako nire asmoa eta motibazioa aldatu egin ziren. Titulu ofiziala lortu nahi duelako, jendea presio handiarekin ibiltzen da. Gogoz eta gustura ikasteko, hobe da presio hori gainetik kendu eta lasai egotea.
Nolako prozesua izan duzu?
Naturala, nire ustez. Badauzka bere gauzak; hizkuntza oso desberdina da beste hizkuntzekin alderatuta, baina azkenean prozesua, niretzat, ez zen izan hain luzea. Niretzat, prozesu naturala da. Eskoletara joan, etxean lan batzuk egin... Ikasgelan hitz egiten hasita, poliki-poliki ikasi dut, AEKren estiloan: jokoekin eta... Esaterako, niretzat oso zaila da aditz laguntzaileak buruz ikastea, ezin dut. Baina AEKn, normalean, jokoen edo role playing teknikaren bidez-eta ikasten da.
Zer izan da zailena?
Agian, hiztegia. Oso desberdina da, eta normalean hiztegia erabiltzen ez baduzu... Azkenean, pila bat irakurri eta hitz egin behar da, hitzak barneratzeko.
Eta errazena?
Eskoletara joatea. Jendeari, agian, nagikeria handia ematen dio, baina niri ez . ZIUn lan egiten dudanez, azken urtea oso gogorra izan da, eta euskaltegia ihesbidea izan da ospitaleko kontu gogorrak ahazteko eta barre egiteko.
Erabiltzen duzu?
Euskaltegitik kanpo asko kostatzen zait. Lehen hitza euskaraz esatea bai, baina gero... Oso urduri jartzen naiz, eta beldurra ez, baina lotsa pixka bat ematen du ezezagunekin hitz egiteak, eta kostatzen zait. Hala ere, saiatzen naiz kalean, dendetan, lanean... erabiltzen.
Trikimailuren bat?
Ez hartzea nahitaezko gauzatzat, hobbytzat baizik. Gustura ikasteko, zaletasuna balitz bezala bizi behar duzu.