Errigoraren ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina martxan da, eta eskaerak egiteko epea azaroaren 11ra arte izanen da zabalik. Oraingoan ere, hiru saski daude aukeran, eta beren salmentaren % 25 euskalgintzako proiektuetara bideratuko da. Halere, aurten, udazkeneko kanpainak indargune berezi hau dauka: Agerraldia egitasmoa, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskaldunen arteko sareak sortzeko. Xedea lortzeko, hainbat jarduera aurreikusi dituzte, besteak beste: abizenetan euskal grafiaren erabilera sustatzeko kanpaina, mintzalagun taldeak, pilota saioak eta mendiko lasterketak, Euskararen Eguna hainbat herritan, ludoteka egonkorrak… Esaterako, hil honen 6an, hainbat AEKide elkartuko dira Arroitz inguruan: Erriberako, Hernanialdeko eta Debagoieneko ikasleek eta irakasleek olio ekoizle baten etxea bisitatuko dute, olibondoak ikusi eta olioa dastatzeko.