Mendizale eta zinemazaleen bilgune izango da Bilbo, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioan. Abenduaren 3tik 12ra egingo da, eta iaz pandemiaren eraginez hartutako ereduari eutsiko dio. Alegia, aurrez aurreko emanaldiez gain, Sail Ofizialeko lanak online ere ikusi ahal izango dira. Aurrez aurrekoak hiru aretotan eskainiko dituzte: Euskalduna Jauregia, Golem zinema aretoak eta BBK Aretoa. Orotara, 52 lan eskainiko dituzte, denak ere Sail Ofizialean, bi izan ezik: Pedalkadak itsasoan (Gorka Etxabe) eta Txango (Tamara Lucarini) film laburra, 2021eko Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka jaso duena. Euskal ekoizpenak 11 izango dira, eta online ikusten diren lan guztiek euskarazko azpitituluak izango dituzte. Film luzeak, laburrak, dokumentalak... pantaila aurrean ikusi beharreko eskaintzaz gain, ohi bezala, bestelako jarduerak antolatu ditu jaialdiak: 11 hitzaldi eta mahai-inguru eta 6 erakusketa. Aurrez aurreko zein online emanaldien sarrerak mendifilmfestival.com gunean eros daitezke.

 

‘Apaiz kartzela’ dokumentala, zinema aretoetan

Azaroaren 26an estreinatu zuten zinema aretoetan Apaiz kartzela dokumentala. Ritxi Lizartzak, David Pallaresek eta Oier Aranzabalek zuzendutako lanean, 50 apaiz inguruk, gehienak euskal herritarrak, frankismo betean diktaduraren kontra egindako borroka gogoratu dute. 1968. eta 1976. urteen artean, diktadurak Zamoran (Espainia) kartzelatu zituen apaizok, hain justu frankisten errepresioaren kontra egin zutelako. Haietako zenbaitek 12 urteko kartzela zigorra jaso zuten. Oso sonatua izan zen bere garaian espetxeratutako apaizen kasua. Haatik, diktaduraren ostean gertakari haien oroitzapena apaldu egin dela uste dute dokumentalaren egileek, batez ere belaunaldi gazteen artean. Horrexegatik jaso dituzte dokumentalean prozesu hura bizi izan zutenen testigantzak. Guztira, 35enak: Xabier Amuriza, Julen Kaltzada, Periko Solabarria, Juan Mari Arregi, Andreu Vila, Josu Naberan...

 

TRANPALDOZ tranpaldo dabil dagoeneko Formol Laborategiaren Album antzezlana, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketetan estreinatua izan ostean. Euskal antzerki sortzaile hasiberriei laguntzeko Zubi egitasmoaren bosgarren deialdia irabazi zuen lana da Album. Bertan, millennial izendaturiko belaunaldiko gazteak dira protagonista. Zehazki, egotzi ohi zaizkienak direla eta (dena egina eman zaiela, berekoiak direla...), haiek hartzen dute hitza ezohiko egitura duen antzezlanean. Mikel eta Intza ditu protagonista nagusi, Mikel Ibarguren eta Intza Alkain aktoreek gorpuztuta. Zuzendaria, berriz, Edurne Azkarate da. Abenduan, hitzordu pilo bat izango dute: 3an Oñatin, 5ean Lesakan, 6an Durangon, 12an Luhuson, 17an Oionen eta 19an Usurbilen.

LES BOBE BOBE konpainiaren Udaberria heldu da lanak irabazi du Lautan Hiru sariketa. Ondorioz, 1.400 euro jasoko ditu, eta saritutako lanarekin IV. Lautan Hiru jaialdia estreinatzeko aukera izango du, 2022ko otsailean. Euskaltzaindiak Bilboko Udalaren babesarekin sortu zuen iaz Lautan Hiru laguntza, euskarazko antzerkiaren eta, batez ere, lan laburren sorkuntza bultzatzeko asmoz. Lan irabazleari dagokionez, “bitxia eta ausarta” dela nabarmendu du epaimahaiak.

PILULA GORRIA izeneko saioa martxan da Twitch plataforman. Lord Draugr youtuberrak aurkeztuta, azaroaren 17an egin zuten lehen emanaldia, eta hamabost egunean behin saio bat eskainiko dute. Gazteak xede, umorea eta zirikatzea izango ditu oinarri. Saio bakoitzean, pertsonaia bat elkarrizketatuko dute, eta ikus-entzuleei erronka bat jarriko diete. Saioaren sortzaileen izena ez dute jakinarazi, oraingoz. Twitch plataforman ez ezik, YouTuben sortutako Pilula Gorria kanalean ere ikusi ahal izango dira saioak.

TAULARA lehiaketa antolatu du, bigarren aldiz, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak, euskarazko antzezlan laburren sormena sustatzeko asmoz. Euskal Herri osoko antzezle, talde eta sortzaileei eskainia, bi kategoria izango ditu: jatorrizko gidoi onena sarituko duena eta jatorrizkoak izan gabe 2020tik aurrera sortutako gidoiei erreparatuko diena. Guztira, 3.500 euro banatuko dituzte lau saritan. Lanak urtarrilaren 24ra arte aurkez daitezke. Xehetasun guztiak oihaneder.eus gunean daude.

MARTIN UGALDE (Andoain, 1921 – Hondarribia, 2004) kazetari, idazle eta politikariaren obra osoa digitalizatu eta sarean ipini du Jakin aldizkariak bere webgunean (jakin.eus), euskal pentsamenduari eskainitako atalean. Guztira, 2.049 idazlan, gehienak (1.662) Ugaldek berak idatziak; gainerakoak (387) Ugalderi edo haren lanari buruz beste egile batzuek idatzitakoak dira. Ugalderen biografia ere sareratu dute, baita haren ekarpena aztertzen duen testu bat ere. Lanen bilaketa errazteko bilatzailea ere badu.