Ederra da abendua. Egun hain laburrak ez balitu, urtean birritan etortzeko eskatuko nuke. Gustatzen zait arratsaldeko freskuran gaztaina erreak jatea, Durangoko Azokan irakurri dezakedana baino gehiago erostea, Gabonak, enpresa afariak, bertso errondak, familia… pentsatzen duguna baino askoz ederragoa da abendua. Izan ere, amaierek beti daukate zerbait polita. Txarra izan den zerbait amaitzen bada, esperantza ematen du amaierak. Ona izan den zerbait amaitzen denean, berriz, aho zapore ona uzten du. Amaierak badu nostalgiatik eta badu etorriko denaren gaineko jakin-minetik. Ezer ez baita amaitzen beste zerbait hasi gabe. Egunak amaitzen dira gaua hasteko, eta urteak urte berriak hasteko; ikasketak amaitzen dira lanean hasteko, eta lana erretiratu alaiak izateko; eta itxaronaldiak amaitzen dira espero genuen hori lortu dugulako, eta harremanak beste batzuk sortzeko. Bizitza ziklikoa baita.
Bizitza bera baino ez da amaitzeko amaitzen dena. Horregatik esaten dugu, agian, handiena dela: bat eta bakarra daukagulako. Badira berriz etortzen dela edo gure pizkundean sinesten dutenak, baina ziurrak ez diren gauzetan hobeto ez lokaztu. Daukagunari eustea da geratzen zaigun bakarra. Orain, urtearen hondarra daukagu eskuetan, baina datorrena nolakoa izango den ez dakigunez, egin dezagun amaiera bera eder. Ez dezagun pentsa 2021ean gertatu behar izan zaigun zorion guztia gertatu zaigula: oraindik ere, abenduaren 31ko 23:59ra arte, urteak jarraitu egingo du, eta guk ere bai urtearekin. Urte zaila jarri digute, bai. Birus batek izorratu egin gaitu, bai. Birusaren hedapena geldiarazi behar zutenek gaizki kudeatu dute ia dena, bai. Hori horrela da, baina oraindik ere geu gara gure denboraren jabe. Sar dezagun urte amaiera koktel ontzian eta eragin diezaiogun abenduaren azken egunera arte, gero ireki eta eztanda egiten uzteko.