Zuzendaria: Uberto Pasolini. Gidoia: Uberto Pasolini. Aktoreak: James Norton, Daniel Lamont, Eileen O’Higgins. Erresuma Batua-Italia-Errumania, 2020.

Istorioa: John leiho garbitzailea da. Bost urteko semea du, Michael. Johnek zaintzen du, amak alde egin baitzuen semea jaio berritan. Gaixotasun batek jota, John hilabete gutxi barru hilko da. Senide gehiagorik ez duenez, hil aurretik semea adoptatuko duen familia bat bilatzen saiatuko da, Michaelek ez dezan errealitatearen gordina tupustean ezagutu.

Zuzendaria: Aita-semeen arteko maitasun harremana landu du Pasolinik (ez, ez du zerikusirik Pier Paolo Pasolini zuzendari eta idazlearekin). Istorio gogorra aukeratu du horretarako, benetan gertatutako kasu batean oinarritua.

Onena: Gogorra eta tragikoa izan arren, tragediatik aldendu da Pasolini, melodraman erori gabe egoerari modu orekatu eta neurritsuan helduta. Gaixotasuna eta heriotza hor daude, egoskor eta gupidagabe, baina, horren ordez, aita eta semearen arteko maitasunari erreparatzen dio, egoera ezin beltzagoan argi izpiei lekua eginez. Eguneroko errutina xumeek osatzen eta sendotzen duten maitasun harremanean, aitak hain egoera latzean izango duen bilakaeraren lekuko izango gara, modu samur eta zintzoan. Britainiar errealismo sozialaren traza hartzen zaio pelikulari, eta, alor sozialari keinuak egiten badizkio ere, alde gizatiarrenari heldu dio zuzendariak lan hunkigarri honetan. Nahiz eta ez izan melodrama negar eragile hutsa, malkoak eragingo dizkigu.

Txarrena: Gabonetan zinema aretoak betetzen dituzten film komertzialen artean oharkabean pasatzeko arriskua.

Eñaut Mitxelena