Estitxu Pinatxo

pinatxoItxialdiak hankaz gora jarri du nire egunerokoa: telelana, kontzertuak bertan behera... Alabaina, musika gehiago aditzeko aukera ere eman dit, eta gustuko nituen diskoak gogoratzen eta gauza berriak ezagutzen ari naiz. Hauek nire proposamenak:

Toto IV. Toto, 1982.
Erromerietan abesten hasi nintzenean, eta, beraz, bertze musikari batzuekin elkartzen, gauza berriak ezagutzen hasi nintzen. 17 bat urte izango nituen Toto lehen aldiz entzun nuenean, eta taldekideen birtuosismoak txunditu egin ninduen.
One True Vine. Mavis Staples, 2013.
Mavis Staplesen ahots baxu bezain  indartsuak zirrara sortzen dit. Horrez gain, garai eta soinu berrietara egokitzen asmatu duela uste dut. Disko honetan, hasierako abesti espiritual eta soinu berriekin sortutako abestiak grabatu zituen.
Wolf Den. Danielle Nicole, 2015.
Orain hil gutxi ezagutu dut musikari hau. Taldeko abeslaria eta baxu-jotzailea da. Rocka, bluesa eta soula jotzen ditu. Nire diskoen apalategian leku berezia egin diot.