Memoria historikoa

gogora253 euskal herritar deportatu zituzten, gutxienez, nazien kontzentrazio esparrutara

253 deportatu, horietako 113 hilak, 125 bizirik eta beste 15en geroaren gaineko berririk ez. Gainera, 113 hildako horiei kontzentrazio esparruek utzitako arrastoen ondorioz askatuak izan osteko aste edota urteetan hil zirenak gehitu behar zaizkie. II. Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetan izandako euskal herritarren kopuruak dira horiek guztiak, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eskatutako txostenean zenbatuak. Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945) izeneko azterlana Etxahun Galparsoro historialariak eta Josu Chueca EHUko Historia Saileko irakasleak egin dute. Euskadin jaio edo bizi ziren edota erbesteko Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten pertsonak biltzen ditu azterlanak. Datu gehiago ere jaso dituzte. Esaterako, Mauthausengo (Austria) kontzentrazio esparruak izandako garrantzia: deportatuen ia erdiak hara eraman zituzten, eta hildako guztien % 65 han zendu ziren. Deportatuen artean, 10 emakume zenbatu dituzte; Ravensbr├╝ckera (Alemania) eraman zituzten, haietako lau hil egin ziren, beste lau bizirik irten ziren, eta bi desagertuta daude. Euskal deportatuen errolda eguneratua ere jaso dute azterlanean. Maiatzaren 5ean eman zuen ezagutzera azterlana Gogorak, Mauthausengo esparrua askatu zuten egunaren 75. urteurrenean. Izan ere, Mauthausengo kontzentrazio esparruan naziek egindakoa sekulako basakeria izan zen. Datu zehatzik egon ez arren, historialarien arabera 1938. eta 1945. urteen artean ia 200.000 lagun eraman zituzten bertara, eta horietatik 119.000 inguru hil egin ziren. Inondik inora ahaztu behar ez diren gertakariak. Hain zuzen, horixe du helburu, besteak beste, Gogoraren txostenak: deportazioaren biktimen bizipen latzak ahanzturatik berreskuratzea eta euskal gizartearen memoria kolektiboaren parte bilakatzea.