Udalerri erdaldunduetan bizi diren guraso euskaldunen talde batek Arnas Dezagun egitasmoa jarri du martxan. Eskolan, baita D ereduan ikasita ere, beren seme-alabei euskaraz aritzeko eskubidea ez zaiela bermatzen salatu dute. Ikastetxe askotan, etxetik euskaldunak diren haurrak ikasgeletan sakabanatuak izaten dira, eta, ondorioz, zailtasunak izaten dituzte euskaraz jarduteko. Hortaz, haurrok ez sakabanatzeko eskatu diete bai ikastetxeetako zuzendaritzei bai arduradun politikoei. Era berean, “arnasgune funtzionalak” sortzeko eskatu diete, ikasleek euskaraz eroso jardun ahal izateko. Halaber, haur erdaldunei berariazko laguntza eskaini diezaietela eskatu dute, beren euskalduntzea indartzeko eta azkartzeko. Proposamena arnasdezagun.eus webgunean jaso eta sinadura bilketa abiatu dute. Hala eta guztiz ere, euskalduntzearen ardura eskolaz harago doala gogorarazi dute, eta gizartearen beste esparru askotan ere indartu behar dela.