Ane Arrutik (ahotsa eta gitarra) gidatuta, beste hiru lagunen parte hartzearekin osatu da Keia: Egoitz Olalde baterian, Iñigo Ibarrondo baxuan eta Iker Martinez de Zuazo gitarran. Laukoteak hamar kantuko diskoa ondu du estreinako lanean. Abestiek oinarri erritmiko indartsua dute, eta gitarren presentzia handia da. Rocka jotzen dute, zentzu zabalean: nabarmenak dira 90eko hamarkadako rock alternatiboaren ukituak, baita pop, stoner, garage edo sikodelia zantzu batzuk ere. Hitzei dagokienez, hamarretik zortzi Arrutirenak dira, baina (H)ura gara eta Lehengo udak hobeak ziren Jon Garmendia Txuria idazlearenak dira. Grabaketaz eta nahasketez Iñigo Irazoki arduratu da, eta Jonan Ordorikak masterizatu du diskoa. Martxoaren 11n, Orioko Etxeluze gaztetxean joko dute; eta, 25ean, Getariako gaztetxean.

ZELANDA du izena Fran Uriasek bultzatu duen proiektu berriak. Ane eta Iñaki Bastida anai-arrebekin elkartu da talde berria osatzeko, Hesian bandari urteak eskaini ostean. Talde nafarra desagertu zenetik, Uriasen sorkuntzarako inertziak ez du etenik izan haren buruan, eta horren ondorioa dira hirukotearen mamia eta funtsa. Rocka eta popa uztartzen dituzte Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin egindako abesti berriek, power-pop lelo eta guzti.

GORKA GAZTANBIDE
& Txikizio Kuadrilla
Gaztelupeko Hotsak, 2021

 Gaztanbideren ibilbidea luzea eta oparoa izan arren, proiektu askotan ibili izan delako, beti egon izan da nahiko ezkutuan. Orain, ordea, kontzertu eta grabaketa haietan ikasitakoak baliatu ditu jazz, folk, pop, soul eta rock kutsuko 10 abesti intimo, hunkigarri, bizi eta indartsu egiteko. Gaztanbiderekin (ahotsa eta bateriak), David Burgui gitarran, Kike Arza baxuan eta Ramon Garcia pianoan izan dira.


HIPNOSIA
Hipnosia
Maldito Digital, 2021

Talde eratu berriaren lehen lanak bizitasunez betetako 11 kantu dakartza. Rock alternatiboa da nagusi, ukitu progresibo eta elektronikoekin. Sintetizadoreak gitarra progresio biziekin, baxu lerro sakonekin, ahots melodia zainduekin eta bateria indartsuarekin nahasi dituzte. Hitzetan, pentsamendu kritikoa aldarrikatzen dute erdi lo eta halako hipnosi kolektiboan dagoen gizarterako.