Simona Sobotovicova
(Bratislava, Eslovakia, 1988)

Txekoslovakian jaioa, eslovakiera du ama hizkuntza, eta txekieraz ere umetatik daki. 15 urterekin, gaztelaniari ekin zion, aldatzeagatik, eskolan alemana eta ingelesa ikasi zituelako. Orain, frantsesez ere badaki, Trapagaranen bizi da, eta irakaslea eta ikertzailea da EHUn. Seme bat dauka, Luka, eslovaskoa.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Batxilergoa gaztelaniaz egin nuenez, Hispaniako hizkuntza gutxituak ezagutu nituen. Gero, Valentziako Unibertsitatean ikasteko beka bat irabazi nuen. Ordurako ezagutzen nuen orain nire senarra dena, Trapagarangoa, 2007an Errioxan izan bainintzen gaztelania praktikatzen.
Zergatik erabaki zenuen ikastea?
Hemen bizi izanda, beharrezkoa da bertako kultura, hizkuntza, sustraiak... ezagutzea. Entzuna nuen zaila dela, erronka handia, baina kontua ez da hori, motibazioa baizik. Hizkuntza bizi egin behar da, ez ikasi, azterketa gainditu eta kito! Eta, bizitzeko, praktikatu egin behar da.
Nolako prozesua izan duzu?
Bilboko Indautxu AEKn hasi nintzen, 2018an. Oso ondo pasatu nuen taldekideekin: antzerkia, zinema, inauteriak, dastaketak, Korrika... Gero, Barakaldoko AEKn, online ikastaroak eta trinkoa egin nituen. Orain, Trapagarango AEKn nago, B2 mailan.
Zer izan da zailena zuretzat?
Zenbakiak, baina edozein hizkuntzatan! Baita aditz laguntzaileak ere: nor-nori-nork, nor-nork... Mintzamenean, akats asko egiten dut, zein erabili behar dudan pentsatzen egoten naizelako.
Eta errazena?
Hiztegia edo. Euskarak asko erabiltzen du logika, hitz elkarketetan eta. Halere, beste hizkuntza batzuk ikasi izana abantaila handia da.
Erabiltzen duzu euskara?
Semearekin eta ikastolako irakasleekin, egunero; eta unibertsitatean, lankideekin. Posta elektronikoz ere saiatzen naiz euskaraz idazten, administrazioan aukera baitugu.
Gustuko hitza edo esamoldea?

Zoriontsua, zorionez eta zoritxarrez, kar-kar! Oso pozik nago euskaltegian eta, oro har, bizitzan. Gustura parte hartzen dut euskaltegiko ekintzetan, ikastolan, jaietan...
Trikimailuren bat?
Asko irakurtzen dut, eta kolore ezberdinez azpimarratzen ditut hitzak, zerrendak osatu, esanahia jarri, esaldiak idatzi... Eta lotsarik ez! Lotsagabea naiz, kar-kar! Ez da taktika ona ziur egon arte ez hitz egitea. Akatsak normalak dira, eta, komunikatzen saiatuz gero, azkenean ikasten da!