PILAR KALTZADA (Donostia, 1970) tertuliakidea da ETB1eko Ahoz aho eta Egun on, Euskadi saioetan. Artikuluak idazten ditu Berria egunkarian, Ttap aldizkarian eta Bilbao hilabetekarian. Eta Save the Children erakundearen presidenteordea ere bada. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Zein da Euskal Herriko umeek duten arazorik handiena?
Oro har, oraindik ez dugu barneratu haurrak eskubide osoko pertsona direla, jaiotzen diren unetik, nazioarteko foro guztiek hala aitortu arren. Hortik askotariko arazoak eratortzen dira: haurrak ez daude agendan eta, bigarren mailako herritartzat ditugunez, ez dute zuzenean parte hartzen eragiten dieten erabakietan. Esaterako, oso zaila zaigu haurren kontrako biolentziaz hitz egitea. Ezberdina da kalean guraso bat umeari ipurdikoa ematen edo gizon bat emakume bati zaplaztekoa ematen ikustea. Eta, mutur-muturrera bagoaz, sexu biolentziaren kasuan zulo beltz handi bat dago. Ez da hitz egiten horretaz, gizarte moduan ez gaude prestatuta horri aurre egiteko. Oso deserosoa egiten zaigu, mingarria, ulertezina... baina gertatu, gertatzen da. Oso egoera larriak bizi dira, eta ez zaie konponbiderik jartzen. Orain, Eliza Katolikoak eginiko abusuak azaleratzen ari dira. Hala behar du eta erabateko irmotasunez salatu eta jazarri behar dira, baina ez dira hor bakarrik gertatzen. Inpunitate eremu asko eta asko daude.

“Oso zaila zaigu haurren kontrako biolentziaz hitz egitea”
“Gizarte honetan, osasun mentala luxua da oraindik"
“Zein da Euskal Herriaren eta euskararen espazio komunikatiboa?”
“Kazetariok lan baldintza duinak exijituko bagenitu, ez legoke hedabiderik”

“Euskara oso logikoa iruditzen zait, oso praktikoa”
“Korriken araberako oroitzapen piloa daukat”

 

Asko hitz egiten da osasun mentalaz ere. Arazo larria bihurtzen ari da?
Oso larria. Denok sufritu dugu bi urte hauetan ziurgabetasuna, beldurra, gizarte ohiturak aldatzea, ezjakintasuna... Haur eta nerabeen kasuan, bereziki, urruntasuna, nahitaez sozializatu behar direlako berdinen artean beren garapenerako. Hori eten egin da. Oso baliabide gutxi dauzkagu gizarte gisa osasun mentala behar bezala tratatzeko, eta daudenak, normalean, ordainpekoak dira. Normal-normal esaten dugu psikologoarenera eraman dezakezula umea, baina jende askorentzat ez da hala. Gizarte honetan, osasun mentala luxua da oraindik, eta arrakala sakonagoa da baliabide gutxiago dutenen kasuan. Inpaktua oso handia da, umetan sortzen delako etorkizunerako oinarria. Ez bada behar bezala lantzen, oso zaila da gero etapa hori berreskuratzea, eta oraingo arazoa epe ertainekoa eta luzekoa bihurtzen da. Haurrengan inbertitzea da etorkizunerako inbertsiorik onena eta errentagarriena.
Indarkeria bikarioaren biktima ere badira askotan. Lehen baino gehiago, ala orain oihartzun handiagoa dute kasuek?
Zorionez, oihartzuna handiagoa da. Feminismoaren ekarpena izan da, zalantzarik gabe, leku guztietan jarri duelako agerian indibiduala politikoa ere badela. Horri esker, lehen ezkutuan geratzen zirenak orain bistan daude. Zorionez, indarkeria matxista pairatu duten emakumeen seme-alabak ere biktimatzat jotzea lortu da. Hori berri samarra da, eta gauzak aldatzen ditu, baina oraindik asko falta da egiteko.
Indarkeria matxista, feminismoa... agerikoak bihurtzen dira martxoaren 8aren inguruan, baina gero desagertu egiten dira askotan. Itxurakeria?
Gai honetaz, duela urte batzuk, martxoaren 8an bertan hitz egiten zen, eta ozta-ozta. 2018a baino lehenagoko martxoaren 8ko manifestazioetan, lau ero baino ez ziren elkartzen kalean. Hori aldatu egin da, zorionez; hala ere, oraindik asko dago itxurakeriatik, oso nabarmen: berehala konturatzen gara noiz den planteamendu eraldatzailea eta noiz feminismo kosmetikoa. Adiskide batek dio gure inguruan feminista asintomatiko asko ditugula: feminismoaz hitz egiten dute, beren burua feministatzat dute, baina batere sintomarik gabe, ez zaie inondik inora nabaritzen. Feminismoak, baina, sintomak agertu behar ditu, nahitaez ikusi behar dira, gizarte hau sendatuko badugu. Eta, batzuetan, ikusten ditugu feminismoa, eta bereziki martxoaren 8ko aste edo hilabete “fantastiko” hori, batere sintomarik gabe pasatzen duten pertsonak.

{/mprestriction}
Non geratu da hedabideen hartzaile kritikoak formatzeko xedea?
Prentsak negozio izateari utzi zionetik, negozio egarria nagusitu da. Injustu samarra da hedabideez oro har hitz egitea, badirelako komunikazio ariketa oso profesionalak eta zentzudunak egiten dituztenak, baina ulertzen dugu zertaz ari garen. Lehen esaten zen komunikabide batek formatu, informatu eta entretenitu egin behar zuela, baina hirugarren horretan geratu da guztia. Komunikabideak, nik ezagutu ditudan bezala, azken hatsa ematen ari direla iruditzen zait, egokitzapen krisian daudela: lehengo negozio eredua bukatuta, oraindik ez da hurrengoa sortu. Eta sortzen ari dena ez da guztiz leiala hedabide bati aitortzen zaizkion printzipioekiko. Gaur egun, hedabide bat nekez da bideragarria, eta ildo editorialaren gainetik balantze ekonomikoak agintzen badu, jai dugu.

{mprestriction ids="1,3"}
Nola egin aurre sinesgarritasun eta prestigio galerari?
Geuk egin behar dugu lanbidea duintzeko lehenengo ariketa, edozer ez da kazetaritza. Kazetaritzak mundua interpretatzen, ulertzen eta erakusten laguntzea izan behar du xede, baina gutxieneko arau batzuk beteta. Bigarrenik, hedabideek gogoeta egin behar dute, komunikabide gisa bizirik irauteko negozio estrategia zein den argitu. Berriak, informazioa, jendearen iritzia... dira gure langaiak, eta gogoeta hori falta da. Baita beste irakurketa bat ere, gure esparruan: zein da Euskal Herriaren eta euskararen espazio komunikatiboa? Albistegiko lehen berria Huelvan uholdeak izan direla baldin bada, errespetu guztiarekin, zein da gure erreferentzia markoa? Axola du albisteak nondik kontatzen diren. Joe Bidenek bisita egin badu Madrilen, Madrilera etorri da ala Madrilera joan da? Erabakia hartu behar da, eta ez dut uste hartu dugunik. Eta, hartu badugu, ez daukagu estrategia partekaturik gure espazio komunikatiboa sortzeko. Horrek oso ondorio sakonak ditu.
Kazetarien lan baldintzak ere... Nola ikusten duzu lanbidea barrutik?
Egun, kazetaritzatik bizi ahal izatea abentura hutsa da. Izugarri eskastu da ogibidea: lan baldintza duinak exijituko bagenitu, ez legoke komunikabiderik, ez lirateke iraunkorrak izango. XIX. eta XX. mendeetako kazetaritza eta komunikazio enpresa eredutik gatoz. Gustatu ala ez, digitalizazioak paradigma aldatu du, eta oraindik ez dugu asmatu nola kokatu paradigma berri honetan. Nire ibilbidea oraingo gazte batentzat ezinezkoa izango litzateke: lanean hasi nintzenean, bi lankide izaten nituen alboan fakultatean ikasten ez zena irakasteko. Zuzenketak egiten zizkidaten, baina gaiak planteatzeko, irratsaioa egiteko... askatasuna emanda. Orain, aldiz, inork ez luke izango laguntza hori. Iraungo badu, lanbide honek goitik beherako aldaketa behar du.
Zergatik ikasi zenuen kazetaritza?
Munduan zer gertatzen zen jakin nahi nuelako. Izugarrizko pagotxa zen norbaitek nik berez kobratu gabe egingo nukeen zerbait egiteagatik ordaintzea. Ez zait sekula damutu, baina uste dut garai hartan ez nekiela zertan sartzen ari nintzen. Hori bai, kazetaritzari esker hamaika mundu ezagutu ditut, eta kazetaritzari esker euskaldundu nintzen: nire ingurua kontatu nahi nuen, eta nola kontatu gaztelaniaz bakarrik? Hizkuntzak eman zidan geroko bidean aurrera egiteko aukera.
Zergatik erabaki zenuen, 18 urterekin, euskara ikastea?
Bernardo Atxagaren lanak irakurtzeko eta Ruper Ordorikaren kantak ulertzeko! Horiek izan ziren lehen motibazioak. Jakina, gero gehiago etorri ziren. Ruper Ordorika lehendabizikoz entzun nuenean, musikalki zoragarria iruditu zitzaidan, garai hartan entzuten nuen nazioarteko musikaren parekoa. Nola zen posible Oñatiko batek zioena ez ulertzea?! Eta Bernardo Atxagaren Henry Bengoa Inventarium ikuskizunak eraman ninduen erabakitzera zidan ezin nuela mundu horretatik kanpo bizi. Egia da, halaber, lagun batek apustua egin zidala...
Zure esperientzia kontuan hartuta, euskara epaileren batek uste bezain zaila da?
Oraindik ere sinetsi ezinik nago, harritu egiten nau zein fribolitaterekin esan daitezkeen gauzak. Seguru ikasle bakoitzak esperientzia zeharo ezberdina bizi izan duela, euskara, frantsesa, medikuntza edo eskalada ikasten, eta zailtasuna legezko kontzeptu edo juridiko moduan erabiltzea... Niri izugarri entretenigarria egin zitzaidan, disfrutatu egin nuen. Pauso bakoitzean zerbait ezberdina aurkitzen duzu, beste mundu bat. Oso gutxitan daukagu aukera, helduak garenean, beste mundu batzuk aurkitzeko, eta edozein hizkuntza ikastea horretarako bidea da. Gainera, euskara oso logikoa iruditzen zait, oso praktikoa. Munduko hizkuntzek horrela funtzionatuko balute, agian hobeto ikasiko genituzke batzuk. Ingelesa bera nahiko erraza iruditzen zaigu, baina letra batek zazpi edo zortzi soinu ditu!
Zenbat kilometro egingo dituzu 22. Korrikan?
Ez dakit nola tokatuko zaizkidan, baina nire ingurukoak bai. Pare bat kilometro nahiko laua da; gero aldapa hasten da eta hori kostatu egiten zaigu. Dena den, berehala jaisten denez, aurrera egingo dugu, zalantzarik gabe. Nire bizitzan, Korriken araberako oroitzapen piloa daukat, oso ekimen seinalatua da.

KOLKOTIK

Gustuko duzun euskal hitz, esamolde edo atsotitza?
Dabilen harriari ez zaio goroldioa lotzen.
Autoan, irratia ala musika?
Dena. Albistegiak, orduero. Eta, gero eta gehiago, musika.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Oraindik ezagutzen ez dudan pertsona bat.
Eta nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Esango dizut, kar-kar!
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Gazta.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Basora joan.
Zerk ematen dizu lotsa?
Denak! Bizitzak, oro har.
Eta beldurra?
Heriotzak.
Zerk galarazten dizu loa?
Eguneroko lanak.
Bizitzako plazer txiki bat?
Plazer handi-handi bat: basora joan eta, uda baldin bada, oinak errekan sartu.
Zer berri irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian?
Euskal Herria da gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortu duen lehen estatua.
Kazetari izateak daukan gauzarik onena?
Galderak egiteko baimena daukagula.
Eta txarrena?
Erantzunak entzuten ditugula.
Egunkari bat?
Berria.
Irrati bat?
Euskadi Irratia.
Telebista kate bat?
ETB1, baina telebista oso-oso gutxi ikusten dut.
Esaldi batean, nolakoa da Pilar Kaltzada?
Bere buruaren bila dabilen norbait.