Lurraren esnatzearen seinalea izaten da martxoa: zelaietan loreak ateratzen dira, eguna asko luzatuta egoten da ordurako, tenperaturak gorantz hasten dira… Martxoko eguzkiak ez gaitu erretzen martxokoa delako bakarrik: gogoz hartzen dugulako ere gorritzen gaitu. Edozein kolore bizik defini dezake martxoa, baina azken urteetan moreak tindatu du. Izan ere, martxoan ospatzen eta aldarrikatzen dugu Emakume Langileen Nazioarteko Eguna. Antolatuko dituzte herri guztietan emakumeek egindako bertso saioak, errezitalak, antzerkiak, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, dantzaldiak, kirol ikuskizunak… eta beteko zaigu agenda plazaz plaza ari garen emakumeoi. Beteko zaigu agenda hitzorduz, beteko zaigu bihotza konpromisoagatik eta militantziagatik egin beharreko gauzaz, beteko zaigu pazientziaren potoa jasan behar ez genituzkeen konpromisozko eskariz, eta beteko zaigu mototsa gure lana balioetsi nahi ez duten gizonen komentarioz.
Gauza asko ditugu borrokatzeko, eta, aldi berean, eskubidea daukagu gure militantzia kideekin bizirik gaudela ospatzeko. Kontua da, ordea, etengabe jartzen dutela zalantzan guk aldarrikatzen duguna, eta etengabe epaitzen dutela guk egiten duguna. Manifestazioak mistoak ez diren lekuetan, hainbat gizon egoten dira parte hartzeko irrikan; mistoak diren lekuetan, aldiz, ez dira eroso sentitzen gure egiteko moduarekin, edo ez dute gure aldarrikapena beren sentitzen. Neskaz bakarrik osatutako kultur adierazpenetako publikoa ia erabat emea izaten da, eta oraindik inork ez dit esplikatu gizonak zergatik ez diren etortzen, gu mila aldiz joan garenean haiek bakarrik egon diren gauzetara. Ospatzen badugu, ez gara borrokan ari; eta buru berokia jartzen badugu, indarkeriaren apologia egiten ari gara. Aurten, behingoz, nahi dudana egiteko parada izan nahi dut martxoaren 8an: epairik gabe eta inork zalantzan jartzeko beldurrik gabe.