22. Korrikak apirilaren 2an zeharkatuko du Sakana: goizaldeko 03:00ak aldera igaroko da bertatik. Hiru urte zain egon ondoren, Korrikan parte hartzeko gogoa izugarria da, jakina. Gainera, asteburua denez, ziurrenik nagia ez da hain handia izango, eta girorik ez da faltako, nahiz eta, beharbada, baten batek logalea sumatuko duen. Eta zuek, aterako zarete karrikara Korrika herritik pasatzean?
Altsasuko Itsasi AEK euskaltegiko goizeko B1 mailako taldea

1. Iñaki Urrestarazu
Aurten gauza gutxi egingo dut. Korrika afaria elkartean prestatzen lagunduko dut eta gero ikustera aterako naiz. Korrika pasatzen denean pote bat hartuko dut Korrika ospatzeko.
2. Peio Razkin
Ni aterako naiz ikustera. Giro ona egongo da eta gustura ikusiko dut. Korrika ez dut egingo. Saiatuko naiz ez lokartzen eta Altsasutik pasatzen denean etxetik ateratzen.
3. Txaro Martinez De Eulate
Ni aurten ez naiz egongo, oporretan egongo naizelako. Baina nire asmoa da Korrika bukaera ospatzera Donostiara joatea. KORRIKA, KORRIKA!!!
4. Ana Garisoain
Nik Korrikan beti parte hartu izan dut eta aurten lehenengo elkartean afaria egingo dugu eta gero korrika egitera joango naiz. Herrian ahal dudan korrika guztia egingo dut.
5. Mila Aldasoro
Saiatuko naiz ez lokartzen, eta ordua iristen denean kalera aterako naiz. Korrika pixka bat egingo dut eta giroaz gozatuko dut. Giro oso polita sortzen da eta oso hunkigarria izaten da.
6. Amaia Iparragirre
Ni lanean arituko naiz Korrika antolakuntzan. Mikroarekin tope arituko gara Sakanan zehar. Ederki pasatuko dugu.
7. Joakina Zubiria
Bai, ni herrian egongo naiz. Oso ordu ona da, lehenengo gustura afaltzeko, pote bat hartzeko eta giro ona izateko. Beraz, Altsasutik pasatzen denean, korrika egingo dut.
8. Susana Santano
Ez dakit. Semeek Korrika Txikia egingo dute Altsasuko ikastetxe guztiekin goizean; orduan, Altsasutik gauean pasatzen denez eta umeentzat ordutegi oso txarra denez, ikusiko dugu.