Maitane Urbieta
Kirol kazetaria eta irrati esataria

Euskadi Irratian kirol kazetaria eta esataria da Urbieta (Zumaia, 1983). 2005etik ari da hedabide horretan, eta, albistegietan egindako urte parea izan ezik, kirol erredakzioan egin du ibilbide osoa: 2008tik, Hiru Erregeen Mahaia kirol saioan lan egiten du, eta haren zuzendaria ere bada egun. Oso realzalea, iazko irailetik berak kontatzen ditu Realaren partidak Euskadi Irratian. Europa Ligako emakumezko esatari bakarra izan da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.


Kirol kazetaria eta irrati esataria. Agian, “Realaren ahotsa” politagoa?

Polita da, bai. Egia esan, gozatzen ari naiz, txiki-txikitatik izan naizelako oso realzalea eta irratizalea. Hortaz, bi pasioak bat egiteko eta batera gozatzeko aukera dut. Zoragarria. Txikitako ametsa gauzatzen ari naiz, eta hori pribilegio handia da.
Kirol kazetaria zale amorratua izatea ez al da kaltegarria kazetari lanerako?
Izan daiteke. Horretan, guk zortea daukagu. Ez dut esango Hiru Erregeen Mahaiak forofismoa zabaltzeko aukera ematen digula, baina gure entzuleek badakite esatari bakoitzak zer sentitzen dugun eta gure bihotza zein koloretakoa den; hortaz, nik uste badaukagula maniobratzeko tarte pixka bat. Gainera, ona da zuk kontatzen duzun hori sentitzea, jendeari iritsi egiten zaiolako. Entzuleak sentitu egiten du. Pasioa jartzen baldin baduzu, iristen da. Kontakizunerako aberasgarria da, betiere muga batzuen barruan. Forofismoa ezin duzu gehiegi azaleratu, baina, nire iritziz, sentimendua igartzea ez da txarra euskal hedabide batean.

Realzalea izanik, egokitu al zaizu emanaldiren batean mingainari hozka egin behar izatea?
Iritzia ez ematen eta ikusten dudana kontatzen saiatzen naiz. Iritzia emateko, adituak ditugu, gaiaz dakiten pertsonak. Ikusten dudanaren berri gehiegi busti gabe ematen ahalegintzen naiz, ez dagokidala iruditzen zaidalako. Ez naiz inor sentitzen ezer epaitzeko. Zer gertatzen ari den aditzera emateko nago ni, gero atera ditzala bakoitzak bere ondorioak.
Irudia nagusi da gaur egun. Haren aldea, zer eskaintzen du hitzak?
Lehen aipatu zirrara hori. Ni, adibidez, telebistako emankizunak ikusten aspertu egiten naiz askotan. Telebistako irudiekin batera irratia entzun ohi dut, emankizun asko oso sinpleak iruditzen zaizkidalako. Ikusten ari zarenez, kazetariak ez du gauza asko kontatzeko beharra sentitzen, eta zirrara galdu egiten da. Irratiak, aldiz, badauka osagai hori. Jendea adi izateko, halako amu bat sortu behar duzu, zerbait zirraragarria; kontakizun bizia egin behar duzu, eta irratiak horixe eskaintzen du. Nire ustez, irudiaren aurrean ez daukagu dena galduta.
Hortaz, zein dira kontakizun onaren ezaugarriak?
Bizia izan behar du, zirraragarria, eta tonu atseginean egin behar da, forofismoa bazter utzita. Horri garrantzia ematen diot: garai hauetan, poztasuna zabaldu behar dugu, alaitasuna transmititu. Gauzak gaizki doazenean, edo norgehiagoka txarra izan arren, futbola besterik ez da, azken batean.
Iraultza digitalak asko eragin die hedabide tradizionalei. Irratiak hobeto jasan du?
Irratia ari da egoera berrira moldatzen ikasten, eta beste urrats batzuk egiten ahalegintzen. Ez da erraza, askotan baliabiderik ere ez dugulako, baina bere tokian eusten dio. Halere, zerbait pentsatu beharra dago, zeren eta gure inguruneko gazteek ez baitute irratia kontsumitzeko joerarik, haien esanetan. Beraz, hor badugu zeregina, eta, aurrera begira, beste zerbait eskaini beharko dugu, beharbada. Irratiak egokitu beharra dauka, ezin da bere horretan geratu. Nahiz eta ez dudan etorkizun iluna ikusten, kontua landu beharra dugula iruditzen zait.
Europako Ligan, zu izan zinen emakume esatari bakarra. Harrigarria.
Bai. Europako Ligan, baita Espainiako Estatukoan ere, lehen mailan ez dago emakumezko beste esataririk. Ez sinestekoa. Guretzat are txundigarriagoa da, erredakzioan andreen presentzia oso barneratuta daukagulako. Hau da, naturaltasun osoz egin izan da: nire lankideak bezala, ni kazetaria naiz, hortaz, haien aukera bera dut. Tira, harrigarria egiten zait beste esparru batzuetan, beste enpresa batzuetan, aukera-berdintasunik ez izatea. Horixe baita gakoa.
Hedabideetan, futbola da nagusi. Zaila al da kirol hegemonikoen eta ez hain zabalduen arteko orekari eustea?
Oso zaila. Geu ere futbolaren morroi gara. Horrela sentitzen dut nik. Gure ordutegia gizonezkoen lehen mailako futbolak baldintzatuta dago, emakumeenari ez baitiogu aukera bera eskaintzen. Saiatzen gara, jakina, beste kirolei ere lekua egiten, baina ordutegiaren araberakoa izaten da, eta futbolak baliabideak lagatzen dizkigun neurrian. Gurean, pilota eta futbola dira oinarri nagusia, udan arrauna, eta txirrindularitzak ere badu indarra. Futboletik kanpo, oso gaitza da, nahi izan arren. Oso barneratuta dagoenez, kostatuko zaigu egoera aldatzea.
Gai horri dagokionez, erredakzioan ba al duzue arantzarik?
Bai, niri mina egiten dit. Begira emakumeen futbola ere zer nolako indarra hartzen ari den. “Berdintasuna, berdintasuna” darabilgu ahoan etengabe; bada, egin dezagun geuk ere apustua, ezta? Noizean behin, bederen. Iruditzen zait gure gainetik daudenei ahoa betetzen zaiela, sarritan, berdintasuna dela eta, baina gero benetan ez dugula sinesten, ez dugula egiaz ahalegina egiten. Adibidez, Reala bigarren dago, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko moduan. Badaukat jakin-mina, Txapeldunen Ligarako sailkatzen baldin bada, etxearen apustua zein izango den. Badago bidea egiteko.
Entzuleok ere izango dugu kulpa pixka bat.
Bai. Nik uste gizarte honetan hipokrita samarrak ere babagarela. Berdintasunaz jarduten gara, eskubide berak izan behar ditugula eta, baina gero zer? Generoa alde batera utzita, Realaren B taldea ikustera zenbat jende joaten da, adibidez? Nesken futbolean, sarrera 10 euroan jarrita ere, jendea ez dago ordaintzeko prest, baina gero lasai asko ordainduko ditu 70 euro mutilena ikusteko. Gizarte gisa ere badugu zereginik.
Kirolariek, topikoetatik harago, ezer gutxi esan ohi dute. Zein kirolari dira elkarrizketatzeko onenak?
Beti esaten dut: zer gauza desberdin kontatuko dizu futbolari batek, egiten zaizkien galderak beti berak baldin badira? Kazetariok ere badugu errua, eta onartu egin behar dugu. Zein diren elkarrizketatzeko onenak? Profesionaltasunaren morroitzan erori ez direnak, egiten duten kirola naturaltasunez bizi dutenak. Neska futbolariak, adibidez, askoz ere naturalagoak dira gizonezkoak baino. Beste modu batera kontatzen dute dena. Badirudi mutilek diskurtsoa oso ikasia daukatela, eta ez dira hortik ateratzen. Bestalde, beste kiroletako jendea akaso ez dago hain ohituta, eta bestelako gertutasuna izaten dute. Azkenean, pertsonaren araberakoa da. Hala ere, norbaitekin hitz egiteko lehenengo prentsa arduradunarekin egin behar baduzu, baduzu muga bat, oztopo bat, eta zaila da zuzeneko harremana sortzea. Beste edozein kirolarirekin askoz errazagoa da.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna?
Normaltasunak.
Eta tristatu? Oroitzapenek.
Zerk eragiten dizu barrea? Egunaren arabera, edozer gauzak, egia esan.
Eta negarra? Heriotzan pentsatzeak.
Zerk haserrearazten zaitu? Injustiziak.
Bizio bat? Tea.
Plazer txiki bat? Eguzkipean itsasoa entzutea.
Eta sekulako plazer bat? Pirinioez disfrutatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kirol kazetaria eta Realaren esataria.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Hipokrita. Eta ez da erraza.
Esatari bat? Iñaki de Mujika.
Kazetari bat? Ane Irazabal.
Kirol bat? Eskubaloia.
Partida bat? Realak Eindhovenen jokatu zuena, Europako Ligako nire lehenbizikoa izan zelako.
Zelaian ez bazaude, partidak telebistan ala irratian? Telebistan, irratia entzunez.
Gustura kontatuko zenukeen partida? Realaren edozein final.
Gustura elkarrizketatuko zenuke? Asier Illarramendi, sekulako gogoa daukat.