Herrialde aberatsetan hildakoen kopuruaren halako lau. Horixe COVID-19ak herrialde pobretuetan eragindako hildakoen kopurua, Intermon Oxfam eta The People’s Vaccine gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez. Ofizialki, bi urteren buruan ia sei milioi lagun hil dira COVID-19aren eraginez. Haatik, erakunde horiek salatu dutenez, 19,6 milioi lagun dira pandemiarengatik hildakoak. Izan ere, herrialde txirotu askotan, heriotza ugari ez dira aditzera eman, ez delako ez txostenik ez probarik egin. Intermon Oxfamen arabera, herrialde aberatsetako hildako bakoitzeko lau izan dira herrialde txirotuetan, heriotza tasa % 31 handiagoa delako azken horietan. Gainera, pandemia dela kausa, munduko biztanleriaren % 99 okerrago dagoela ere salatu du. Askoren kaltea, zenbaiten onura: 26 orduan behin beste milioidun bat sortu omen da, eta halako batzuk COVID-19ari esker, antza.