Korrika egin berritan ariko zarete, izerdi patsetan oraindik, hau irakurtzen zuotako zenbait, beharbada. Beste batzuk, berriz, errepidera ateratzeko zorian, Korrika zuen herrira iristear dagoelako. Beste batzuk, agian, urduri izango zarete, oraindik ere egun batzuk falta direlako 22. Korrika zuenetik igarotzeko. Denak ala denak, ziur, irrikaz, Euskal Herrian barrena abiatutako Korrikan parte hartzeko. Martxoaren 31n Amurriotik abiatuta, Donostia helmuga, errepidean da euskararen eta AEKren aldeko lasterketa erraldoia. Oinekin ez ezik, Hitzekin ere euskara bultzatzeko, aurtengo leloak dioen moduan. Hiru urte joan dira azkenekoz kalean izan genuenetik; tarte luzea Korrikazaleontzat, luzeegia euskararako. Horregatik, ekin 11 egunetan, eman bidea Korrikari! Eta egunero, Hitzekin, eman bidea Euskarari!