Zuzendaria: Robert Eggers. Gidoia: Robert Eggers eta Sigurjón Birgir Sigurdsson Sjón. Aktoreak: Alexander Skarsgård, Nicole Kidman, Anya Taylor-Joy, Claes Bang, Ethan Hawke. AEB, 2022.

Istorioa: Europako iparraldean, X. mendean, Fjölnirek bere anai Aurvandil erregea hilko du. Subiranoaren semeak, Amleth printzeak, ihes egin beharko du, eta ordutik aurrera aita mendekatzea besterik ez du izango buruan. Filmak eskandinaviar kondaira bat du oinarri: Amlethen tragedia (diotenez, Shakespeareren Hamleten oinarria).

Zuzendaria: Bere lehen bi film luzeak, The Witch (2015) eta The Lighthouse (2019), oso goraipatuak izan ostean, zinema independentetik komertzialera egin du jauzi Eggersek. Aurrekontu handia, aktore ezagunak... izan ditu eskura, baina horrek ez du esan nahi ohiko film komertziala egin duenik, ezta hurrik eman ere.

Onena: Bikingo lerden eta ankerren arteko borrokaz jositako pelikula espero duenak jai du. Bai, jakina, ezpatak badira; baita drakkar-ak eta Valhallari aipamenak, lepo moztuak eta zauri odoltsuak ere, nahi adina; are gehiago, odol kontuak irudikatzeko moduak sabela nahas diezaioke bati baino gehiagori. Bortxaz, mendeku desioz eta gorrotoz betetako giro basak etengabe eta modu itogarrian zipriztinduko gaitu, filmaren irudi oso zainduak horretara eramanda. Bisualki indartsua da, boteretsua.

Txarrena: Nahiak, desirak, herrak eta traizioak mugitutako kontakizuna ez dago, akaso, atmosfera eta girotze hain indartsuaren maila berean. Nolanahi ere, ez dago aspertzeko arriskurik. Halere, beharbada, krispetak kontrako eztarritik joango zaizkio bestelakorik espero duenari.

Eñaut Mitxelena