Sinestuna, herri batean bizi dena, telebista asko ikusten duena eta administrari lan egiten duena. Halakoa da munduko pertsonarik aspergarriena. Hori dio, behintzat, Essex-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egin eta Personality and Social Psychology Bulletin agerkarian argitaratu den ikerketak. Bostehun laguni baino gehiagori egindako bost azterketaz baliatuta, lanbide eta ezaugarri “aspergarrienak” sailkatzeko eskatu zitzaien. Erantzunak nahiko estereotipatuak izan ziren. Lanik aspergarrienak zenbaki eta estatistikekin zerikusia dutenak omen dira. Alderantziz, arte eszenikoak, kazetaritza, zientzia, medikuntza eta irakaskuntza ei dira arlo zirraragarrienak. Erlijio kontuak ere aspergarritasunarekin lotu zituzten; eta telebista ikustea, lo egitea, hegaztiak behatzea eta erretzea denbora pasatzeko modu aspergarritzat jo. Herri txiki batean bizitzeari ere berdin iritzi zioten. Halakoak al dira, benetan, pertsona aspergarriak? Ala halako estereotipoak erabiltzen dituztenak al dira gogaikarriagoak?