Veneziara doazen turistek opari xelebrea jasoko dute zenbait hoteletan: laranja koloreko ur pistola. Zertarako? Kaioak eta usoak uxatzeko. Pandemiaren ostean, hegaztiok arazo bihurtu dira hirian, batez ere kaioak. Izan ere, turisten ogitartekoen edota tabernetako terrazetan hartzen ari diren mokaduen bila jotzen dute. Pandemiaren ondoren, askoz oldarkorrago jokatzen omen dute kaioek, eta pertsonei eraso ere egin izan diete. Bada, antxetek turistak uxatuko dituztela eta, kezkatuta dabiltza hiriko ostalariak. Horregatik erabaki dute laranja koloreko ur pistolak banatzea. Ur zurrustak ez ezik, laranja koloreak ere hegaztiak aldentzea espero dute, ez dutelako atsegin, antza. Gainera, bestelako neurriak ere hasi dira erabiltzen: falkoneroak belatzekin, laser izpi bereziak, baratxuri esentzia (kaioek gorroto omen dute) edota mutiloi elektrostatikoak. Konponbide berriek, ordea, arazo berriak ekarri dituzte: ur pistolek kaioak aldendu, baina ume gogaikarriak erakartzen dituzte; eta umeek, jolasean, turistak blaitzen dituzte, ostalarien atsekaberako.