AMETS BATI LOTUTA

Brigade Loco

Egilea editore, 2020

Izena Vanilla Muffinsen abesti batetik hartu duen talde oro beti izango da ongi etorria etxe honetan. Baina Brigade Locoren dohainak askoz gehiago dira: Gipuzkoako punk eta oi! melodikoaren tradizioari jarraituz, ahots lakarrak eta gitarra zorrotzak ongi uztartzen dituzte lelo eta doinu itsaskorrekin. Azken hilabete hauetan, abesti berriak aurkeztu dituzte sare sozialen bidez (Labankada, Beldurra); kaleratutako azken lana, berriz, duela pare bat urte plazaratutako Amets bati lotuta hau dugu. Diskoak 11 abesti ditu, eta horietako batek, Ez dira pasako izenekoak, 1936ko gerran girotutako bideoklip ederra dauka, guztiz profesionala, film laburra balitz bezala ere ikus daitekeena.