Turismo bulegoetan ez dituzte aipatzen. Askoren ustez, itsusiak dira. Zatarrak. Pasaiako badian zehar ostera egin nahi izanez gero, Pasai Donibanera bidaliko zaituzte turismo gidek. Ez dituzte aipatzen 60ko eta 70eko hamarraldietan, frankismo garaiko desarrollismo betean, badia josi zuten eraikinak. Ez dira baserri bukolikoak, antzinako jauregiak, etxe dotoreak. Hala, ikusezinak dira, nahiz eta eskualdearen eta bertako herritarren konfigurazioan ezinbestekoak izan. Hiri paisaia ez ezik, giza paisaia ere erabat baldintzatu dute. Haatik, eraikin estigmatizatuak dira, bastartak. Begirik ez da betoi eta adreilurako. Gutxi batzuk ezagutuko ditugu, eraikin hauek bestelako begiekin ikusten ikasteko, zatarkeria begiradan baitago, ziurrenik. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Eñaut Mitxelena.

Ander Gortazar eta Jacek Markusiewiczek (AEK-ko ikasle ohia) arkitektoei zor diegu bastarten ibilbide hau. 2019an (2018an CAF Elhuyar saria irabazi ondoren), Bastartak! izeneko aplikazioa sareratu zuten: Pasaiako badia inguruko bost eraikin ezagutzeko aukera ematen zuen, denak ere 60ko eta 70eko hamarraldietan altxatuak, garapen ekonomiko eta industrialaren abaroan. Tamalez, aplikazioa jada ez dago eskuragai, baina han jasotako zenbait kontu baliatuko ditugu postaletatik at dauden eraikinez gozatzeko. Egileek aplikazioan ziotenez, "arkitektura guztiek dute testuinguru politiko eta soziala, eta horren araberakoa da, maiz, arkitektura horri zaion estimua ala estigma“. Txango honetan, sorreratik gutxietsitako arkitektura horri erreparatuko diogu.

 Aplikazioak proposatutako 5 eraikinetatik 4 ikusiko ditugu, Donostiako aldirietan, Bidebieta auzoan, hasita. Erraz bistaratuko ditugu lehen bastartak: La Paz poligonoa, Bidebietako 12 apostoluak izenez ere ezaguna (Luis Alustiza, 1964). Ezizenaren arrazoia agerikoa da: hamabi dorreko multzoa da. Izenak ere asko dio jatorriaz: Espainiako Gerra Zibila amaitu eta 25 urtera frankismoak ezarritako “bakea” ospatzeko ipini zioten. Frankismoaren etxebizitza politikek sustatuta eraiki zituzten, portu eta industria jarduerek eragindako langile etorrerari erantzuteko. Francok berak inauguratu zuen dorreetako bat, 1967an. Gurutze formako oina dute dorre guztiek, eta 15 solairu. Le Corbusier arkitekto ezagunaren hirigintza ereduek eragin handia izan zuten diseinuan: etxe orratz luzeak eta dorreen artean espazio zabalak. Nolanahi ere, geroago inguruan eraiki ziren eraikin eta dorreek inguratuta daude egun.

Apostoluak agurtuta, Pasai San Pedrora egingo dugu, Trintxerpe igarota. Portua eskuinean dugula, Esnabide kalearen hasieran hurrengo sasikoak atentzioa emango digu: Blas de Lezo Itsas Arrantza Eskola (Luis Laorga eta Jose Lopez Zanon, 1966). Ez da inguruan dituen eraikinak bezalakoa. Agerikoak ditu 50eko eta 70eko hamarraldien artean munduan hedatu zen arkitektura brutalistaren ezaugarriak: hormigoia bere gordinean (Le Corbusierrek erabilitako béton brut -betoi gordina- esamoldetik datorkio izena mugimenduari) eta bolumen deigarriak. Nolanahi ere, ez dago egoera bereziki onean: duela urte batzuk, ondoko etxebizitzak eraikitzeko lanek zimenduak kaltetu zituztela-eta zati batzuk bota behar izan zituzten. Beste batzuk itxita daude.

Errenteria dugu azken geltokia. Hara joateko, bi bide aukeran: bata San Pedrotik Pasai Donibanera badia txalupa motordunean zeharkatu eta Lezotik joatea, eta bestea Donostiatik Errenteriara doan bidegorria hartzea, Pasai Antxon barrena. Bietan, portuko paisaia industriala izango dugu bidelagun, eta hormigoizko hodeiertza ere bai. Atzerago, mendi ezagunak: Aiako Harria, Larhun, Jaizkibel. Bi bideetatik, badiaren zaindari, Errenteriako sarrerako Kaputxinoseko muinoan bakarti, beste sasikume bat nabarmentzen da: Kaputxinos Dorrea (Felix Llanos, 1970). Inguruko etxe orratzen aldean forma biribilak izanik, ongi bereizten da. Eraikina ikusteko gerturatuz gero, alboan dagoen Kaputxinoseko begiralekuan geldialdia egitea ere merezi du.

Dorrea pasatu eta horra Errenteria. Bidegorrian aurrera, Iztieta auzoa ezkerrean dugula, berehala agertuko da ibilbideko azken bastarta: San Jose Langilea eliza (Jose Javier Uranga, 1971), Usoa ezizenez ere izendatua (Mazinger Zren buruaren antza duela ere esaten da). Langile auzoko langile eliza: herritarrek ordaindu zituzten eraikuntza lanak. Hala, merkea eta erabilgarria izatea izan zuen xede egileak. Brutalismoaren kumea hau ere, ez du ohiko elizen itxurarik. Zirkunferentzia erdiko formarekin, anfiteatroa dirudi, eta kanpoaldeak anfiteatro hori estaltzen du, alboetan dorre banarekin. Hormigoizkoa beharrean, adreiluzko azala du, eskualdean ezaugarri nahiko ohikoa. Sartzeko aukerarik baduzue, sartu eta ikusi barneko forma berezia. 

Nola joan:

Bidebietatik Errenteriara nahiz Errenteriatik Bidebietara, edozein noranzkotan egin daiteke 5 km inguruko txangoa. Garraio publiko sare zabala dago eskualdean: autobus publikoko zerbitzuak, Renferen aldiriko trenak edota Euskotrenen Topoa. Donostiako hirigunetik Bidebietara gerturatzeko, hiriko autobusak har ditzakegu, edo topoa edota trena Herrerako geltokiraino.

Non jan:

Ongi eta merke jateko aukera ugari eskaintzen ditu eskualdeak; oraindik ere badago turismoaren atzaparrei iskin egitea. Iradokizun gutxi batzuk: Bidebieta ondoko Gaiztarro auzoan, ogitarteko ezagunak (edo erdiak, handiak baitira) dituen Zumardi taberna; Trintxerpen, O’romeral taberna galiziarra; San Pedron, Muguruza Ardoak, Falcon Crest ezizenez ezaguna (egunero lonjara iristen diren arrainek osatzen dute menua); Herrera auzoan, bidegorriaren ondoan, Bizargorri taberna; Errenterian, Arkaitza taberna, non herritarrek asko estimatzen duten patata tortilla jan daitekeen, eta AIZU! leitu, gainera!