Lurraren berotzeari aurre egiteko neurrien artean, azienden puzker eta korrokadak zergapetzea aztertzen ari dira Zeelanda Berrian. Azienden haizeek, gorotzak bezala, asko kutsatzen dute. Izan ere, metanoa askatzen dute eguratsean, berotegi efektua eragiten duten gas nagusietakoa. Hain zuzen, Zeelanda Berriko metano emisioen % 80 aziendek sortzen dituzte. Ez da harritzekoa: 4,5 milioi biztanleko herrialdean, 28 milioi ardi eta 10 milioi behi dituzte. Horrenbestez, 2025etik aurrera emisioen gaineko zerga jarri nahi diete abeltzainei. Hala gertatuz gero, abeltzainei azienden emisioengatik ordainaraziko dien lehen herrialdea izango da. Oraingoz, zerga nola ezarri aztertzen ari da Zeelanda Berriko Gobernua, lehen sektoreko elkarteekin batera. Lehendik ere saiatu izan dira herrialde horretan azienden emisioak zergapetzen. 2003an aipatu zuten lehenengoz, Flatulence Tax izenekoa ezartzen saiatu zirenean.