Begoñako hilerrian, makina hondeatzaileak ibili dira lanean. Haien ondoan, gazte taldeak eskulanetan. Arkeologia, Kriminologia, Antropologia... ikasleak, Espainiako hainbat unibertsitatetakoak. Begoñako Argia proiektuan jardun dute praktikak egiten, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean. Amaitu berri dute landa lanaM. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Bilboko Udalak parke bat eraikitzeko asmoa du Begoñako hilerriko lur eremuan. Ezertan hasi aurretik, ordea, han lurperatutako hildakoen gorpuzkiak atera behar ziren, eta horretan jardun du Aranzadi Elkarteak iazko urritik. 1933tik aurrerako erregistroetan oinarrituta (zaharragoak galduta daude), gutxi gorabehera mila lagunen gorpuzkiak aurkitzea espero zuten, 1933 eta 1945 artekoak (40ko hamarkadaren erdialdera hilerria ia guztiz bete zenean, hildako gehienak Derioko hilerrira eramaten hasi ziren). Lanean hasterako, Aranzadikoek bazekiten Gerra Zibilaren testuinguruko 40 pertsona zeudela bertan banaka lurperatuta, baita exekutatuko lau falangistaren hobi komun bat zegoela ere.

Lanak hasita, 87 urteko emakume bat etorri zitzaien, aita gerra frontetik itzuli ez eta Begoñako hilerrian hobiratu zutela uste zuelako. Begoñako Argia proiektuaren koordinatzaile Anartz Ormazak dioenez, “haren izena ez zen agertzen 40 laguneko gure zerrendan, eta aurkitzea espero genuen hobi komuna falangistena zenez, ez genion esperantza handirik eman”. Hobi hori agertu ondoren, ordea, 42 soldaduren gorpuzkiak biltzen zituen beste bat aurkitu zuten ondoan, ustekabean. Han azaldu ziren bost identifikazio txapei esker jakin zuten Artxandako frontean Errepublikaren aldeko borrokan hildako soldaduak zirela: “Txapa haietako bat emakume haren aitarena zen”.

Eta beste 37ak? Artxandan hildako soldaduak zirela jakinda, Aranzadik deialdia egin du haien senideak aurkitzeko: “Oraingoz, 65 familia agertu dira DNA emateko, tartean 100 urteko emakume bat. Oso gogoan du neba Artxandan hil zela, orduan 15 urte zituelako. Datuak erkatzeko prozesua luzea denez, neba hori topatzeak du orain lehentasuna, emakumearen adinagatik”.

Orain arte Euskadin agertu den Gerra Zibileko hobi komun handienaz gain, erregistratu gabe zeuden beste hiru aurkitu dituzte: Lehen Gerra Karlistako bat eta XIX. mendeko bi epidemiko. Bat, ia ziur, mende amaieran Bilbon izan zen kolera agerraldikoa da; besteak, berriz, mende hasierakoa dirudi. Oraindik ez dira horiek ikertzen hasi, lehentasuna Gerra Zibilekoek baitute. Beraz, gorpuzki guztiak desobiratuta, memoria historikoaren ikerketak laborategian jarraituko du orain.

Gerra Zibilekoez gain, hilerrian aurkitutako gorpuzki oro zehazki katalogatu da, banan-banan, fitxa arkeologiko eta guzti. Kutxa batean gorde, bakoitzari kode bat jarri, eta Deriora eraman dira guztiak. Denera, ia 5.000 gorpu atera dituzte, eta 14 familiak eskatu dute senideren batena berreskuratzea. Inork erre-klamatzen ez dituenak Derioko hilerrian egin nahi den kolunbario batean izango dute lekua.

Elementu fisikoen ikerketa

Begoña errepublika independentea zen hilerria ireki zenean, eta familia aberatsenek panteoiak eraiki zituzten bertan. 1933an, baina, Errepublikak hilerriak zibila izan behar zuela erabaki eta sinbolo espresuki erlijiosoak galarazi zituenez, familia batzuek gurutze zeltak jarri zituzten beren panteoietan, aurreko gurutze kristauen ordez. Haatik, 1938an berriro hilerri katolikoa bihurtuta, frankismoak, sinbolo “pagano eta masonikoak” debekatzeaz gain, hilarrietan inskripzioak euskaraz grabatzea ere galarazi zuen.

Bestalde, panteoi batzuek balio artistikoa dute: garaiko eskultore ospetsuek eginak dira (Higinio Basterra, Vicente Larrea, Quintín de Torre...), eta babestuta daude. Etorkizunean eraikiko den parkean jartzea da asmoa. Aranzadik horiek guztiak katalogatu, eta beste 20 elementuz osatutako zerrenda proposatu du, parkean eskultura horiekin batera jartzeko. Izan ere, Ormazaren hitzetan, “batzuek balio historikoa dute; adibidez, zenbait hilarritan El muy ilustre ayuntamiento de Begoña inskripzioa ageri da, Begoña errepublika independente zenekoa. Orduko elementu arkitektoniko asko desagertuta daudenez, interesgarria da horrelakoak kontserbatzea”. 

DEBEKUARI ISKIN EGIN ZION HILARRIA

Aranzadik hilerriaren katalogazio lana egin zuen indusketa hasi aurretik, eta orduan aurkitu zuten euskaraz grabatutako gerra aurreko hilarri bakarra: Zubieta eta Bereteaga tar Toma. Begoñan 1934go urtarilaren 5’an il zan, 70 urte eukazala. Ez dakite nola saihestu zuen 40 urteko debekua, baina Aranzadikoek bi teoria dituzte: “Agian, hilerriko leku nahiko ezkutuan egongo zen eta inork ez zuen salatu. Edo baliteke, Francoren alde borrokatutako karlistaren batena izateagatik, mantentzeko baimena lortu izana”. Oraingoz, ez dute haren sendirik aurkitu, beraz, misterioak hor dirau.