Ez da eztabaida berria: katuek sekulako triskantzak eragiten dituzte biodibertsitatean. Nahiz eta etxekotuak egon, ehiztariak dira, eta milioika animalia hiltzen dituzte urtero munduan: hegaztiak, narrastiak, karraskariak... Zenbait ikerketaren arabera, hegazti, narrasti eta ugaztunen desagertze garaikideen laurdena katuek eragindakoa da. Polonian, esaterako, katuek 140 milioi txori hiltzen dituzte urtean. Bertako espezieetan eragiten dituzten kalteak aintzat hartuta, espezie exotiko inbaditzaile izendatu berri dituzte Polonian. Herrialdeko espezie inbaditzaileen zerrendan, 1.787.a bihurtu da, Poloniako Zientzia Akademiaren parte den Naturaren Kontserbaziorako Institutuaren erabakiz. Erakundearen ustez, badago ebidentzia zientifiko nahikoa halako erabakia hartzeko. Horrek zer ondorio izango duen ez dute zehaztu. Kaleko katuak antzutu eta berriz askatzea aholkatu dute aditu batzuek, adibidez. Beste batzuek, aldiz, kaleko katuak akabatzea. Hori bai, erabakiak polemika piztu du, aldeko eta kontrako iritziak baitaude.