Aurten bete dira 50 urte Cristobal Balentziaga jostun eta diseinatzailea hil zenetik. Getariako pertsonaia ezaguna gogoratzeko makina bat ekitaldi izan da urte osoan. Izan ere, modaren munduan arrasto sakona utzi zuen Balentziagak, goi mailako joskintzan ezinbesteko erreferentzia izanik. Balenciaga markaren sortzailea, haren ondarea handia da oso, eta eragina ere izugarria. Christian Dior moda diseinatzaile famatuaren hitzetan, “Balentziaga maisuen maisua da: guk ahal duguna egiten dugu oihalekin; Balentziagak, aldiz, nahi duena”. Coco Chanelen hitzak ere, esanguratsuak: “Benetako jostun bakarra da, jantzi bat hasieratik amaieraraino egiteko gai”. Jostorratzaren artista gehixeago ezagutu nahi izan dugu geuk ere. Eñaut mitxelena. Argazkiak: Balentziaga Museoa.

Getariatik mundura

Cristobal Balentziaga Eizagirre Getarian jaio zen, 1895ean. Bost anai-arrebaren artean gazteena, aita arrantzalea eta ama jostuna zituen. Hain zuzen, amaren altzoan lotu zitzaion ofizioari txikitatik jostun izateko ametsa zuen Balentziaga. Amaren bezeroetako bat Casa Torresko markesa zen, zeinak, mutikoaren trebeziarekin liluratuta, babesa eman zion gaztetatik. 1907an Donostian jostun lanbidea ikasten hasi, eta bertan zabaldu zuen bere lehen denda, 1917an. Sona handiko bezeroak lortu zituen pixkanaka, eta denda gehiago zabaldu Donostian, Madrilen eta Bartzelonan. Espainiako Gerra Zibilagatik dendak itxi, eta Parisen lantegia ireki zuen, 1937an. Han garatu zuen, nagusiki, bere ibilbide arrakastatsua. Hiru hamarkadaz modaren gailurrean izan ostean, 1968an, pret-a-porter estiloa goi mailako joskintzari tokia kentzen hasia zitzaiola ikusita, erretiroa hartu zuen. Xàbian (Herrialde Katalanak) hil zen, 1972ko martxoaren 24an.

Eragin sakona
Balentziagak modari egindako ekarpena handia izan da. “Goi mailako joskintzaren arkitektoa” zela zioen Hubert de Givenchy jostunak. Givenchy bera bezala, goi mailako joskintzako beste asko izan dira Balentziagaren ikasle eta jarraitzaile: André Courreges, Paco Rabanne, Oscar de la Renta, Emmanuel Ungaro… Oihalen ezaugarriak, josketa... teknika oso ongi menderatzen zuen, eta zehaztasun eta perfekzionismo izugarria zuen lanean. Hori goraipatu eta miretsi izan diote jostun askok. Adituek nabarmendu izan dutenez, Balentziagaren lanek dotorezia eta edertasuna dituzte ezaugarri. Abangoardistak dira, baita atenporalak ere, denborak aurrera egin ahala egungoak baitirudite. Haren sorkuntzak beti omen daude modan.

Balentziaga Museoa
Getarian, Torresko markes-markesaren udako etxea izandako Aldamar Jauregiaren alboan dago Balentziaga Museoa. 2011. urtean zabaldu zuten, Balentziagaren sorkuntza artistikoa eta modaren munduan egindako lana ezagutaraztea eta nabarmentzea helburu. Horretarako, publikoarentzako erakusketez gain, ikastetxe, eskola eta familiekin ere jarduerak antolatu ohi ditu. Egun, 3.500 piezaz baino gehiagoz osatutako funtsa du museoak: jantziak, osagarriak, Balentziagaren dokumentazio eta objektu pertsonalak, moda aldizkariak… Jostunaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, hainbat erakusketa antolatu dituzte bertan. Orain, esaterako, Balenciaga izaera izenekoa dago zabalik. Bestelako erakusketak ere badituzte, baita online formatukoak ere www.cristobalbalenciagamuseoa.com webgunean.

Modaz harago
Balentziagaren lana eta ondarea askotan eta modu ugaritan erakutsi, ikertu eta aztertu izan dira. Jostun eta diseinatzailetzat baino, artistatzat joa da. Hala, kasik hil zenetik eskaini izan zaizkio erakusketak munduko beste hainbat museotan. Aurten, haren heriotzaren urteurrena dela eta, are gehiagotan izan da hizpide eta protagonista. Hala, esaterako, Disney Plus-ek Balenciaga izeneko telesaila ekoitzi du, zuzendari ezagunak dituena: Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Getariako artista Alberto San Juan aktoreak gorpuztu du. Moriartitarren lehen telesail hau 2023an estreinatuko dute.