Villabuenan, Arabako Errioxan, hilerri ateo bat sortu du Joseba Ibañez nekazariak: Ibaola Harriak. Ia hektarea bateko lur eremuan, dozenaka harri kokatu ditu: monumentu megalitikoak, hamaika modutan zizelkatutako eskulturak, hilarriak… Bada, azken horietan errautsak jartzeko aukera eskaintzen du, Toloño mendilerroari begira.  Jon Rejado. 

Villabuenako iparraldean dagoen hilerri ateoko sarreran, bi hitz daude zizelkatuta, bi harritan: Egunekoak eta Gauekoak. Eguzkia eta ilargia ikus daitezke hitzekin batera, eta bizitza eta heriotza dakartzate gogora. Sarrera zeharkatutakoan, dozenaka haitz topatuko dugu Joseba Ibañezek azken hamar urteotan irudikatu duen esparruan. “Lursailak entretenimendurako balio izatea nahi dut, eta nire izatea bizitzaz baino apur bat harago luzatzea, beste batzuei zerbait eskainiz”.   
Ibaola Harriak proiektua 2012an hasi zuen Ibañezek, baina ez monumentu megalitikoak edota hilarriak hartzeko asmoarekin. Eguzki ortu bat instalatu nahi zuen; egitasmoa, ordea, ez zen ondo atera. Lursailean mahastiak landatzea ere ez zen aukera bat. Lur gehien dagoen lekuan, sakonera 30 edo 40 zentimetrokoa dela azaldu du jabeak, haitza agertzen den arte. “Horretaz jabetu nintzenean, argi izan nuen: ‘Pikutara asmo guztiak; harriekin jolasteko baliatuko dut’, eta halaxe egin dut”.
Nekazaria ogibidez, haitzak “betidanik” izan ditu gustuko Ibañezek. Monumentu megalitikoak ere erakargarriak gertatzen zitzaizkionez, trikuharri bat egitea otu zitzaion. “Hiltzen naizenean nire errautsak zabaltzeko leku bat izatea ideia polita iruditzen zitzaidan, inguruan ditugun hilerri ilun eta tristeetatik at”. Ideia hori buruan hasi zen lanean, eta trikuharria egin zuen.
Jolaslekutik hilerrira
Egiten ari zenaren berri zuten lagun eta ezagunek galdetu zioten ea hiltzen zirenean beren errautsak bertan barreiatzeko aukerarik izango ote zuten. Ibañezi egokia iruditu, eta horretarako hilarri batzuk paratu zituen. “Pertsona batzuek nahiago dute leku zehatz bat izan zendutako pertsona gogoratzeko, loreak jartzeko...”. Dagoeneko hainbat lagunek badute erreferentziazko harri bat han. Ibañezek dio bere gurasoen hilarria duela bertan, besteak beste, eta haren ondoan bere errautsak hartuko dituena.
Gaur egun dauden artelan guztietara heltzeko bidea luzea izan da, baina. Trikuharriaren ostean, harrespil edo cromlech bat egin eta erdian menhir handi bat jarri zuen. “Egitura hori ez da ohikoa, baina eremu honetan nire kasa jolasten naiz” aitortu digu Ibañezek. Gerora, bestelako harriak eskuratu zituen pixkanaka, lursailetik banatuz eta zizelkatuz. “Harri bakoitza, bere horretan, artelana da, eta iradokitzen didanaren arabera moldatzen dut”. Egun, ez daki zenbat harri dauden guztira, baina leku aparta osatzen dute inguruko bakeaz eta magiaz gozatzeko. Izan ere, edonor gertura daiteke pasieran, sarrera doakoa baita.
Askotariko artelanak daude, harriaren formarekin edota hutsuneekin jolastuz, erliebeak sortuz, monumentu megalitikoak irudikatuz… eginak. Horien artean, eskultura batek atentzioa ematen du, hilarrien aurrean. Frankismoak Arabako Errioxan hil zituen herritarrak oroitarazten ditu. 2016. urtetik dago bertan, 1936ko estatu kolpearen 80. urtemugatik, hain zuzen ere. Ekiloreak kolektiboak omendu zituen Frankismoko biktimak, eta eskultura Ibañezek berak egin zuen. Gerrako hobi komunak ekartzen ditu gogora, eta “memoriaren argia gure hildakoengana” heltzeko nahia ere irudikatzen du.   
Ezusteko aurkikuntza
Villabuenako laborariak, urteen joanarekin egindako ekarpenez gain, aztarna arkeologiko interesgarri bat aurkitu du Ibaola Harrien eremuan: harrizko dolare bat. Garai batean, mahastiak zeuden lekuan bertan zukutzen zen fruta, muztioa lortzeko eta biltegiratzeko. Bada, horretarako dolare bat aurkitu du Ibañezek, muztioa jasotzeko grabitateaz baliatzen zen kanal eta biltegiarekin batera. “Arkeologoak etortzekoak dira, baina pandemiagatik dena atzeratu da”.
Urterik urtera, eremua aldatuz joan da. Harri guztiak bertara eramateko lana ez da samurra izan. Trikuharriaren goiko harlauzak, adibidez, 6.000 kilo dituela jakinarazi du Ibañezek, eta halako harriak mugitzeko hondeamakina kontratatu behar izan duela. Are gehiago, nahiz eta inguruan egon badauden gogoko dituen harri batzuk, ezin ditu Ibaola Harrietara eraman. Hala eta guztiz ere, bere aztarna uzteko lanean jarraitzeko asmoa du. “Aztarna utzi, bai lantzen dudan lurra delako bai irudikatzen, amesten eta sentitzen dudan eremua delako”.