Andoni Agirrezabala Izagirrek (Alegia, 1998) Etxe berdea (Erein) nobela kaleratu du. Liburua, finean, dokumentu bilduma da, gertakari tragiko baten inguruko testigantzen bilduma, 2005eko urriaren 29an hildakoak ere izan baitziren herri hartan. Poliziak segituan itxi zuen kasua, baina herriko aguazila, susmo txarra hartuta, ikerketan hasi zen. Amaitutakoan, agiriak karpeta batean sartu eta bere mahaiko tiraderan gorde zituen. Horiek eskaintzen zaizkio irakurleari, eta parte hartze aktiboa eskatzen zaio. Hala, irakurleak pentsatzen duenaren arabera, istorioak alde batetik edo bestetik joko du. Testigantzak profil ezberdinetako pertsonaienak dira: iraganeko mamuez beldur den emakumea, herriko hilerrian lan egiten duen gizon bakartia, lagun taldean arazoak dituzten gazte nerabeak...

MIKEL LABOA komikian islatzeko lan gaitza hartu dute beren gain Harkaitz Canok, Unai Iturriagak eta Joseba Larratxek. Eleberri grafikoa ontzeko, Laboaren kantuen espiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte bidelagun, ohiko biografia moldeetatik ihes eginda. Euskal kantari miretsiena eta maitatuena askorentzat, Laboa garai baten, geografia baten eta jendarte baten ispilua da, xaman jostari eta apurtzailea aldi berean. Egileen arabera, artista belaunaldi oso bati egindako omenaldia ere bada liburua.

MALETA BAT IGOGAILUAN
Andoni Tolosa
Elkar, 2022

Hectorrek A1 maila egin du euskaltegian eta ikasturte osoa egunerokoan jaso du. Oso pozik dago: lagun berriak egin ditu eta kalean euskaraz hitz egiten hasi da. Baina euskara ikastea ez da beti erraza: urduritasuna, poza, lotsa, frustrazioa, harrotasuna, haserrea, maitasuna… emozio festa da euskaltegia! AEK-ko irakasle batek idatzitako liburua da hau, A1 maila egiten ari diren ikasleentzat.


NO SLEEP TILL SHENGAL
Zerocalcare
Itzulpena: Koldo Izagirre Urreaga
Farmazia Beltza, 2022

Premiazko kontakizuna da komiki hau. Kontatu beharrekoa, sarraski gehiago izango ez badira eta ahanzturak jango ez bagaitu. Zerocalcare Kurdistanera itzuli da, Irak aldera, yezidiei hitza emateko. Estatu Islamikoaren atzaparretik ihes egin ostean, milaka lagun horiek nola antolatu diren azaltzeko. Kontakizun gogorra eta epikoa da, baina umore ukitua eta hausnarketa ditu lagun.