Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak liburua aurkeztu du. Deustuko Unibertsitateko irakasle María Pilar Rodríguezek koordinatu du lana, eta gure zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen ditu. Liburuaren helburua euskal zinemaren berri ematea da, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiatuta. Aldi berean, proiektu artistiko horien azterketa akademiko eta dibulgatzailea eskaintzen du. Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak (euskal emakume zuzendarien produkzioa); Generoak, formatuak eta moldaketak (euskal emakume dokumentalisten begirada eta Kimuak programa); Ekoizpena, distribuzioa eta harrera (elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek ondutako zinema bultzatzeko egindako ahaleginak); eta Hiru emakume zinemagile (euskal zinemako hiru egile nabarmen: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon).

475lopez

GEMA LÓPEZ LAS HERAS itzultzaileak irabazi du Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa, Nora Arbelbidek, Aiora Jakak eta Joseba Urteagak osaturiko epaimahaiak hala erabakita. Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz, Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko. Ondorioz, urte honen amaieran kaleratuko du Elkarrek Annie Ernaux idazle frantziarraren La femme gelée eleberria, López Las Herasek euskaratuta.

475lurbinttoko

LUBINTTOKO OHOINAK
Adur Larrea
Elkar, 2022

1795ean, Konbentzio Gerla amaituta gudu zelaian, deportazio eremuetan edo erbestean egondakoak herrira itzuli zirenean, etxea edota lurrak okupatuak, kiskaliak eta arpilatuak topatu zituzten. Lapurdiko soldadu ohi batzuk, Lurbinttoko eremuan ezkutaturik eta gerlak emandako esperientziaz eta armez baliaturik, mendeku gosea zuten deportatu eta erbesteratu ohiekin elkartu, eta ohoin banda osatu zuten.

475lyricagaraia

LYRICA GARAIAK
Jon Arretxe
Erein, 2022

Bilboko Afrika Txikira itzuli da Toure, Sa Kenegatik kezkatuta: Madrilen bisitatu zuenean, gorputzean markak eta beltzuneak igarri zizkion, eta amorante lagunari zer gertatzen zaion argitzen saiatuko da. Auzoa, nola edo hala, aurre egiten ari zaio etorkizun hurbileko errealitate zalantzagarriari. Arretxek umorez eta maisuki tartekatu ditu inguruaren deskribapenak eta pertsonaien arteko elkarrizketak.